Ekimen honek herritarrak lankidetzak eta proiektu solidarioei laguntzeak duten garrantziaz sentsibilizatzeko jarduera ugari biltzen ditu.
AMOREBIETA-ETXANO | Zornotzako Udalak Amorebieta-Etxanoko Lankidetza Astea aurkeztu du gaur prentsaurrekoan. Ekimena urriaren 1etik 6ra egingo da lehenengoz udalerrian. Aste honen helburua elkartasuna eta lankidetza sustatzea da, baita munduko hainbat lekutan garatzen diren proiektu solidarioak ezagutzera ematea eta babestea ere.
Horrela, Mundua Jirabiran (“Mundua mugimenduan”) lelopean, Amorebieta-Etxanok bat egiten du nazioarteko lankidetza sustatzeko konpromiso globalarekin, mundu bidezkoago eta solidarioago baten alde lan egiten duten tokiko erakundeen lana ikusaraziz. Ainhoa Salterain alkateak ekimen berriaren garrantzia azpimarratu du: “Lankidetza ezinbesteko tresna da mundu justuago eta bidezkoago bat eraikitzeko. Amorebieta-Etxanok aldaketa bultzatu eta elkartasunaren eredu izan nahi du. Lankidetzaren Aste honek gehien behar dutenekiko dugun konpromisoa islatzen du, bai hemen, bai munduko edozein tokitan».
Programa
Astean zehar, hainbat jarduera burutuko dira, besteak beste, dokumentalak, mahai-inguruak, aurkezpenak eta martxa solidario bat. Gertaera aipagarrienen artean, honako hauek daude:
- «Intsumisas» dokumentalaren proiekzioa (urriak 2), ondoren Ane Elordik moderatutako solasaldi bat, feminismoak hainbat gizarte-testuingurutan dituen erronkei buruz eztabaidatzeko gune bat irekiko duena.
- Mahai-ingurua Munduaz Blai, Derandein, Euleuk eta EDUCAS erakundeekin, haien esperientziak eta lankidetza-proiektuak partekatzeko.
- #Aquísísehacelalucha “film laburra (urriak 3), El Salvadorreko ekimenak dokumentatzen dituena. Ondoren, mahai-ingurua egingo da Euskal Fondoa, Carmelitas Descalzos Solidarios, Amanecer Solidario eta Kidendarekin.
- Urriaren 4an, “Sahara, herri erresistentea” liburuaren aurkezpenarekin amaituko da astea, Kristina Berasain egilearen eskutik. Ondoren, “Sahara kantari” kontzertua izango da, non musikak saharar herriaren eskubideen aldarrikapenarekin bat egingo duen.
Eta urriaren 6an, 7 kilometroko martxa solidario bat antolatuko da, Derandein elkarteak sustatua, astea ixteko elkartasunezko kausei elkartasuna adierazteko.
Aste honetako helburu nagusia herritarrak sentsibilizatzea da, munduko hainbat lekutan lankidetzak eta proiektu solidarioei laguntzeak duen garrantziaren inguruan, Amorebieta-Etxanok udalerri solidarioa eta erronka globalekin konprometitua izateko duen gaitasuna azpimarratuz. «Zornotzarrak aldaketa horren parte aktibo sentitzea nahi dugu, hemendik ere alde handia egin dezakegula uler dezaten», adierazi du Salterain alkateak.
Ekimen honen bidez, Udalak tokiko eta nazioarteko erakundeekin harremanak sendotu nahi ditu, egoera ahulean dauden pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko egunez egun lan egiten baitute, “guztion artean, elkarrekin, mundua aldatzeko urrats txikiak ematen jarraitzeko”, amaitu du alkateak.