DOT Durangaldea

Zornotzak galdetegi bat abiatu du Larrea kiroldegiko eta gimnasioko erabiltzaileentzat

Erabiltzaileek posta elektronikoz jasoko dute galdetegia

Erabiltzaileek posta elektronikoz jasoko dute galdetegia

AMOREBIETA-ETXANO | Amorebieta-Etxanoko Udalak aurrera jarraitzen du udalerri irisgarriago, jasangarriago eta kohesionatuago baterantz eraldatzeko prozesuan, Ametsetatik Herrira ekimen parte-hartzailearen bidez. Etorkizuneko Amorebieta-Etxano eraikitzea helburu duen proiektu hau herritarrei ahotsa emateko eta datozen 10-15 urteetarako udalerriaren garapen oinarriak zehazteko diseinatuta dago.

Lehen fasea itxi ondoren, Udalak lau ardatz estrategiko zehaztu ditu, datozen urteetan Amorebieta-Etxanoko eraldaketa gidatuko dutenak, eta funtsezko alderdietako bat kirola sustatzea eta udal azpiegiturak eta zerbitzuak hobetzea izango da. Testuinguru horretan, Udalak Ametsetatik Herrira egitasmoaren bigarren fasea abiarazi du, Larrea kiroldegiko eta gimnasioetako erabiltzaileei berariaz zuzendutako galdetegi baten bidez, kirol zerbitzuak hobetzen jarraitzeko eta herritarren beharretara hobeto egokitzeko helburuarekin.

Ainhoa Salterain alkateak honako hau nabarmendu du: “Galdetegi honen bidez, Udalak kiroldegiaren egungo egoerari eta etorkizunari buruzko hausnarketa berri bat abiarazi du, herritarren iritziak jasotzeko eta entzute-prozesu bat hasteko. Guztion artean, Arkalaz, Amorebieta-Etxanon kirola aisialdi osasungarri gisa sustatzen jarraitu nahi dugu”.

Galdetegia posta elektronikoz bidaliko zaie kiroldegiko erabiltzaile guztiei, eta instalazio horietan izandako esperientziei buruzko iritziak eta iradokizunak jasotzea du helburu. Horren bidez, Udalak hobetzeko funtsezko arloak identifikatu nahi ditu, eta kirolguneak herriarentzat erreferente izaten jarraituko dutela ziurtatu, herritarren jarduera fisikoa eta ongizatea sustatuz.

Galdetegi honetan parte hartzea erabat librea eta konfidentziala da, eta erabiltzaile guztiei gonbidapena egiten zaie beren ikuspegia emateko, kirola egiteko ingurune egokiagoa sortzen laguntzeko.

Ekintza berri honekin, Udalak berretsi egiten du herritarren parte-hartzearekin eta udalerri hurbilago, irisgarriago eta biztanleen beharretara egokituago bat elkarrekin eraikitzearekin duen konpromisoa. Partaidetza prozesuak Ametsetatik Herrira proiektuaren oinarrietako bat izaten jarraitzen du, Amorebieta-Etxano, elkarrekin, Arkalaz, eraldatzea helburu duena.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top