Planak lau jarduera-eremu eta 20 ekintza biltzen ditu, hala nola harrera-gida eleaniztuna osatzea edota familia zornotzarren eta migratzaileen arteko topaketak egitea

AMOREBIETA-ETXANO | Gizarte kohesionatuago eta anitzago baterantz urrats sendoa eman du Amorebieta-Etxanok, 2025-2028 Kulturartekotasunaren I. Planaren onarpenarekin. Plana aho batez onartu da gaur goizean egindako udal osoko bilkuran eta helburu du tratu-berdintasuna bermatzea, kultura-desberdintasunarekiko errespetua sustatzea eta udalerrian bizi diren pertsona guztien arteko bizikidetza-espazioak sortzea, jatorria edozein dela ere.
Dokumentu horrekin, beraz, hainbat jatorritako bizilagunen arteko inklusioa eta elkarrekintza positiboa sustatuko duten politika publikoak bultzatzen jarraitzeko konpromisoa berretsi du Udalak, kulturarteko bizikidetza eredu baten alde eginez.
Ikuspegi partekatua duen plana
Prozesua parte-hartzailea eta anitza izan da; Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak landu du Plana eta Udaleko teknikariek, udalerriko elkarteek eta beren ikuspegia eta esperientziak eskaini dituzten pertsona migratzaileek hartu dute parte. Halaber, elkarrizketak, eztabaida-taldeak eta kontraste-guneak antolatu dira ordezkari politiko eta sozialekin, eta, horri esker, dokumentuak Amorebieta-Etxanoko errealitateari begirada plurala eta hurbila eskaini dio.
Lanketa horren emaitza gisa, lehen Kulturartekotasun Plana lau jarduera-eremutan egituratu da:
- Harrera: herritar berrien etorrera eta integrazioa errazteko.
- Instituzionala: udal-politikak kulturarteko ikuspegitik egokitzeko.
- Egiturazkoa: hezkuntza-, hizkuntza- eta gizarte-partaidetzako ekimenekin.
- Pertsonen arteko bizikidetza: aniztasunaren topaketa, interakzioa eta ikusgarritasuna sustatzeko.
Guztira, 20 ekintza jasotzen ditu Planak, horien artean, harrera eleanitzeko gida bat egitea, udal langileentzako kulturartekotasunari buruzko prestakuntza-programak eskaintzea edota familia zornotzarren eta migratzaileen arteko topaketak egitea, Bizilagunak programaren bitartez, esaterako.Bizikidetzaren aldeko apustu sendoa
Ainhoa Salterain alkateak planaren garrantzia azpimarratu du: “Amorebieta-Etxanon pertsona guztiak duintasunez, errespetuz eta aukera berdintasunez bizi daitezkeen gizarte eta udalerri batean sinesten dugu. Plan hau gure herria aniztasunean oinarrituta eraikitzeko tresna bat da. Kulturartekotasuna ez da helburu bat, elkarrekin, Arkalaz, eraikitzen dugun bide bat da”.
Urrats horrekin, Amorebieta-Etxanoko Udalak bat egiten du kulturarteko politikak garatzen ari diren Euskadiko beste udalerri batzuekin, baita nazioarteko estrategiekin ere, hala nola Garapen Iraunkorreko Helburuekin eta Migrazioetarako Euskal Itun Sozialarekin.