Dirulaguntzak enpresa, erakunde, profesional edo ekintzaile langabeei zuzenduta daude
AMOREBIETA-ETXANO | Udalak udalerrian enplegua sustatzeko 2025eko dirulaguntza deialdia zabaldu du. Laguntza horien helburua da enplegua sortzea, autoenplegua bultzatzea eta tokiko enpresetako lan-baldintzak hobetzea eta hain zuzen helburu horietara bideratuko ditu Udalak 60.000 euro. Iaz, esaterako, 10 eskaera kudeatu ziren guztira: 6 autoenplegu-proiektuetarako eta 4 langabetuak kontratatzeko.
Deialdiaren helburuak eta ezaugarriak
Deialdia Amorebieta-Etxanon jarduten duten enpresa, erakunde eta profesionalei zuzenduta dago, baita udalerrian jarduera ekonomiko berria ekiten duten ekintzaile langabeei ere. Laguntzak helburu du:
- Udalerriko langabeak kontratatzea.
- Aldi baterako kontratuak mugagabe bihurtzea.
- Lanaldia gutxienez % 50 luzatzea.
- Ekintzaileek negozio-unitate berriak sortzea.
Epeak eta betekizunak
Eskaerak aurkezteko epea abenduaren 9ra bitarte egongo da zabalik, eta enpresa eta pertsona interesdunek HAZen edo egoitza elektronikoaren bidez egin dezakete eskaera.
Abenduaren 10etik aurrera egindako kontratazioak, lanaldi luzapenak edo moldaketak hurrengo ekitaldiko deialdian sartuko dira.