DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Amorebieta, Durango eta Elorrioko musikariak, ‘Señeak Bizkaia Rock Kanpusa’ ren lehenengo edizioan

Bizkaiko 23 gaztek egonaldia izango dute datorren astean Lauaxeta Ikastolan

Ekimenak 80 gazte baino gehiago erakarri ditu, eta azkenean 23 musikari gazte hautatu dituzte

AMOREBIETA-ETXANO | Bizkaiko Foru Aldundiak Señeak elkartea eta Lauaxeta ikastolarekin batera martxan jarritako musika egonaldiak baditu partehartzaileen izen abizenak. Guztira 23 gazte bizkaitar izango dira Lauaxeta ikastolan datorren astean esperientzia berezi honetaz gozatzen.

Bizkaiko Foru Aldundiak, Señeak elkartearekin eta Lauaxeta Ikastolarekin elkarlanean antolatutako ekimen honen helburua da Bizkaiko gazte musikarien talentua sustatzea, musikaren bitartez pentsamendu kritikoa, sormena eta talde-lana bultzatuz. Gainera, partaideek musika-trebetasunak garatzeaz gain, bizitzarako baliagarriak izango diren gaitasun pertsonal eta sozialak ere landuko dituzte.

Euskara, Kultura eta Kirol diputatua Leixuri Arrizabalagak adierazi bezala “Bizkaiko gazteen artean talentu musikal handia dago. Horregatik, bide eta aukera berriak irekitzearen aldeko apustua egin dugu, pertsona eta artista gisa hazteko. Espero dugu Señeak Bizkaia Rock Campusa erreferente bihurtzea Bizkaiko hezkuntza- eta kultura-eskaintzan, non gazteek beren musika-trebetasunak garatu ahal izango dituzten eta musikan beren hazkunde pertsonalerako bidea aurkitu ahal izango duten.”

Ekimenak 80 gazte baino gehiago erakarri ditu, eta azkenean 23 musikari gazte hautatu dituzte, “maila artistiko bikaina” erakutsi dutelako. Alex Sardui, Señeak elkarteko kideak adierazi duenez “Hasierako aurreikuspena 20 parte-hartzailekoa bazen ere, izandako maila ikusita, talde zabalago bat osatzea erabaki dugu.” Bestalde, Ekain Alzolak, honako hau nabarmendu du: “Harrobi ederra dugu Bizkaian. Gure ardura da gazte hauen motibazioa piztea eta musika zaletasuna indartzea.”

Gazte hauek instrumentu ezberdinak jotzen dituzten musikariak dira: bost gitarra-jole, sei abeslari, lau piano-jole, lau bateria-jole eta lau baxu-jole. Jatorriak ere anitzak dira: Elorrio, Lekeitio, Igorre, Gernika, Zornotza, Erandio, Leioa, Usansolo, Getxo, Santurtzi, Trapaga, Sestao, Dima, Bilbo eta Durango.

Programa eta egonaldia

Kanpusa apirilaren 21etik 26ra ospatuko da, sei egun eta bost gau iraungo dituen egonaldian. Goizez, gazteek instrumentu klase pertsonalizatuak jasoko dituzte euskal musikari ezagunekin; arratsaldeetan, berriz, talde-entseguak, jolasak, arte-sorkuntzako tailerrak eta bestelako aisialdi jarduerak izango dituzte.

Egitaraua bi zatitan banatuta dago:

Goizez: teoria musikala, praktika instrumentala, sorkuntza artistikoa, eta arratsaldez: irteerak, kirol ekintzak eta talde-proiektuak.

Irakasleei dagokionez honakoak izango dira Alex Sardui eta Ekain Alzolarekin batera: Aitor Lacalle eta Garikoitz Ortiz de Villalba (Gitarra eta teklatua, ETS, )Onintze Garcia Arana (Gitarra eta Ahotsa,  Seiren, Galder Izagirre), Jon Fresco Pelissier (Bateria. Ken Zazpi). Eta monitore lanetan Maialen Ozamiz eta Jon Etxeberria.

Musika-ikaskuntza euskal sortzaile eta musikari ezagunekin egingo dute; eta artistak bisitan etorriko dira gazteekin lan egitera. Aisialdirako jarduerak Lauaxeta Ikastolako begirale esperientziadunek gidatuko dituzte.

Amaierako kontzertua Zornotza Aretoan

Kanpusaren azken egunean, apirilaren 26an, parte-hartzaileek doako kontzertu irekia eskainiko dute Zornotza Aretoan. Bertan, aste osoan zehar ikasitakoa taularatuko dute, euren irakasle eta musika-erreferenteekin batera.

Esperientzia paregabea izango da musika-maite duten nerabeentzat, eta Bizkaian musika hezkuntzak eta sormenak duten indarraren erakusgarri bikaina.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top