Urtarrilaren 31n, 19:30ean, Txanporta plazako Kultur Etxean proiektatuko da ikus-entzunezkoa
ABADIÑO | 1973. urteko San Blas ferian grabatutako 19 minutuko ikus-entzunezkoa da, editatu gabeko irudiak eta giro-soinu barik. Baina, garai bateko Abadiño nolakoa zen ezagutzeko, eta batez ere San Blas feriak zein itxura zuen ikusteko balio handiko irudiak dira.
Abadiño inguruko irudiekin batera, Zelaieta auzoko kaleak eta eraikin zaharrak identifikatu daitezke, ferialekua nola antolatzen zen ikusi, zein motatako erakusleak eta saltzaileak gerturatzen ziren Abadiñora, eta 1973. urteko idi proben saioetako irudiak ere jasotzen dira.
Urte haretako San Blas feria otsailaren 3an eta 4an egin zen. Gainera, 1967. Urtean Gerediaga Elkartearen ekimenez “modernizatutako” azokan “Durangoko Merindadeko baserritar aurrerazaleentzat sariak” banatu ziren. Durangoko Baserri Zabalkundeko Agentziarekin eta
Bizkaiko Aurrezki Kutxarekin batera antolatutako sariketa izan zen.
Hiru kategoriatan eman ziren sariak: abelgorriena, ortu-frutena eta auzo-lanak. 60.000 peseta banatu ziren sari guztien artean eta honek izan ziren irabazleak:
Abelgorriak
1. Jose Martin Unzalu Egidazu – Errota baserria, Amaitermin auzoa, ABADIÑO (15.000 peseta eta ohorezko plaka)
2. Julian Uribelarrea Atutxa – Elorriaga-Atxekoa. IURRETA (5.000 peseta eta ohorezko garaikurra)
Ortu-frutuak
1. Juan Cruz Gorroño Uribeganekoa – Zubitxueta, Eitua auzoa, BERRIZ (15.000 peseta eta ohorezko plaka)
2. Gregorio Beitia Ibabe – Osintxueta. Arauna auzoa, ELORRIO (5.000 peseta eta ohorezko garaikurra)
Auzo-lanak
1. San Andres auzoko auzotarrak – Orozketako kofradia. IURRETA (15.000 peseta eta ohorezko plaka)
2. Urien baserrietako auzotarrak – Santa Katalina auzoa. GARAI (5.000 peseta eta ohorezko garaikurra)
1967. urtea
San Blas feriaren berriztapena: 1967. Urtea Urte batzuk arinago, Gerediaga Elkartek sustatuta, San Blas jaietako feria berritzeko pausua eman zen 1967an. Jose Luis Lizundia orain dela 25 urte argitaratutako “Durangalde Gogoan” bildumako lehen zenbakian idatzi zuenaren arabera, Migel Anjel Astiz kazetari nafar eta euskaltzalearen, eta aldi berean Gerediaga Elkarteko bazkidaren ideia
izan zen. Gaur egun ezagutzen dugun moduko feria antolatzeari ekin zioten, baserri-sariketak antolatuz, eta baserri-makinaria erakutsi eta saltzen zuten ekoizleen parte hartzearekin.
Gerediaga Elkarteak sustatuta bultzada berria eman zitzaion azokari, Abadiñoko Udala, Caja de Ahorros Vizcaina eta Extension Agrariaren lagutnzarekin.