Eremu babestu horretan lurpetik ateratzen den hirugarren aldia da, prospekzio-lanak hasi zirenetik
ABADIÑO | Joan den larunbatean, azaroak 2, Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Euskal Prospekzio Taldeak Gerra Zibileko borrokalari baten hezurrak berreskuratu dituzte, Saibigain mendiaren tontorretik gertu, Abadiñon. Hobitik ateratzeko lan horiek eta inguruko aurretiazko prospekzio-lanak Gogora Institutuak Gerra Zibilean Desagertutako Pertsonak Bilatzeko garatzen duen Programaren esparruan egiten dira.
Aurkitutako ehorzketak pertsona baten hezur osoak biltzen ditu, janzkeraren hondarrak, hala nola txaketoiaren eta Eusko Gudarostearen hebilladun gerrikoaren zatiak, Astra markako pistola bat, munizioa, eta objektu pertsonal batzuk, hala nola metxeroa, bi txanpon eta bi sendagai-anpoila.
Aurkikuntza Saibi (954 m) mendiaren tontorreko hegaletako batean dago, sigi-saga zulatutako lubaki baten lerrotik gertu, behealde batean, babesleku moduko bat izan daitekeena.
Urkiolako Parke Naturaleko eremu horretan 2024an egindako hirugarren deshobiratzea da hau; aurrekoak otsailaren 4koak eta maiatzaren 11koak dira, baina, aurreko bi kasuetan, berreskuratutako gorpuzkiak hezur-zatiak ziren, eta ez hondakin osoak, kasu honetan bezala. Hondakinen kontserbazio-egoerak zehaztuko du ea posible den haien DNA berreskuratzea eta DNA Bankuan kontserbatzen diren senideen lagin genetikoekin kontrastatu ahal izatea eta, azkenik, identifikatu ahal izatea.
Hiru exhumazio horiek Euskal Prospekzio Taldea 2023ko irailaz geroztik egiten ari den prospekzio-lanaren emaitza dira. Parke natural gisa babestutako eremua izanik, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak baimena eskatu zuen Bizkaiko Foru Aldundiari prospekzio-lanak egin ahal izateko, eta 2024an zabaldu da, oso emaitza onarekin.
Saibigain inguruan gudu gogorrak izan ziren Gerra Zibilean, 1937ko apirilaren 6tik 15era, eta gudari asko hil ziren, dokumentazioaren eta testigantzen arabera. Izan ere, gailurrak “odolaren mendia” ezizena du, tokia gorpuz josita nola geratu zen kontuan hartuta, gailurraren kontrola lortzeko borroka ezberdinen ondoren. Leku hori estrategikoa da ikuspegi militarretik.
Horregatik da interesgarria inguru horretan prospekzio sistematiko eta zehatz bat egitea, metodologia zientifiko bati jarraituz, eta horri esker, oraindik identifikatu gabe dauden hiru pertsonaren gorpuzkiak berreskuratu ahal izan dira. Hezur-hondarrak aztertu ondoren, DNA laginak hartuko dira azterketa genetikoa egiteko.
Jarduera horiek guztiak Gogora Institutuak, Euskal Prospekzio Taldearen, Aranzadi Zientzia Elkartearen eta UPV/EHUko Biomics laborategi genetikoaren bitartez, garatzen duen Gerra Zibilean Desagertutako Pertsonak Bilatzeko Programaren barruan sartzen dira.