DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Amorebietak tasak eta zerga % 3 eta OHZ % 1 igotzea proposatu du

Udalak hobariak hobetu ditu musika eskolan, matrikularen kostuaren % 100 bere gain hartuz

AMOREBIETA-ETXANO | Zornotzako Udalak 2025erako ordenantza fiskalen proposamena aurkeztu du, ondoren urriko osoko bilkuran onartzeko. Inflazioa gero eta handiagoa denez eta prezioak oro har igo direnez, Udalak udal-tasak eta -zergak neurriz igotzea erabaki du, zerbitzuen eta azpiegituren kalitateari eusteko, herritarrak gehiegi kargatu gabe.

Horrela, gobernu-taldeak % 3ko igoera planteatzen du tasa eta prezio publiko gehienetan, eta OHZ, berriz, % 1 soilik igoko da. Neurri horien helburua zerbitzuen kostu gero eta handiagoari aurre egitea da, kalitate-estandar berak hurrengo urterako mantenduko direla bermatuz.

Hobari gehiago

2025erako ordenantza fiskalen proiektuak zerbitzu publikoetako hobariak bateratzea ere jasotzen du, hala nola kultura, kirola eta musika-eskola. Bereziki nabarmentzekoa da musika-eskolan hobaria handitu izana, matrikularen kostuaren % 50 izatetik % 100 izatera igaroko baita ezarritako baldintzak betetzen dituzten familientzat. Hobekuntza honekin, Udalak kultur, kirol eta musika jardueretarako sarbidea erraztu nahi du, arrazoi ekonomikoengatik zornotzar bakar bat ere kanpoan geratuko ez dela bermatuz.

Horrela, hainbat zerbitzuk, hala nola kiroldegiko abonamenduak eta udalekuek, hobariak izaten jarraituko dute, Udalak herritar guztientzako kalitatezko zerbitzu publiko irisgarriak eskaintzen jarraitzeko konpromisoarekin bat etorriz, arreta berezia jarriz gehien behar duten familietan.

«Guztiz kontziente gara egungo inflazio globalaz, eta Udaletik lan egin dugu doikuntza fiskal hori ahalik eta moderatuena izan dadin, gure bizilagunei eskaintzen dizkiegun zerbitzuen kalitateari eusteko helburu bakarrarekin. Lehentasunezkoa da bermatzea Amorebieta-Etxanok bere azpiegiturak eta zerbitzu publikoak zaintzen jarraitzen duela, inor atzean utzi gabe. Gainera, hobariak zabaltzeak, batez ere musika-eskolan, familia guztiei kulturarako sarbidea eta prestakuntza errazteko dugun konpromisoa islatzen du. Guztiontzako aukera eta ongizatezko Amorebieta-Etxano bat eraikitzen jarraitzen dugu», amaitu du Ainhoa Salterain alkateak.

Era berean, Amorebieta-Etxanoko Udalak hobariak eskainiko ditu hainbat arlotan, hala nola, trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zergaren gaineko hobariak, Ondasun Higiezinen gaineko Zerga, ur-hornidura edo kultura eta kirola bezalako zerbitzuetako hobariak.

  • Hobariak kultura-zerbitzuen arloan (Musika Eskolako ikastaroak, kanpamenduak eta Zornotza Aretoko abonamenduak)
    % 30 eta % 50 familiako 2. eta 3. kideentzat, hurrenez hurren.
    % 30 14 eta 29 urte bitarteko gazteentzat.
    % 50 eta % 100 bitartean urteko gehieneko diru-sarrerak egiaztatzen dituzten pertsonentzat, indarrean dagoen DSBE prestazioa erreferentziatzat hartuta.
    % 50 langabeentzat.
    % 100 % 33ko edo gehiagoko minusbaliotasuna duten pertsonentzat.
  • Kirol zerbitzuen arloko hobariak (kiroldegia)
    % 30 eta % 50 artean familientzako abonu berezietan.
    % 42,15 14 eta 16 urte bitarteko gazteentzat urteko ordainketan.
    % 30 16 eta 30 urte bitarteko gazteentzat urteko abonuan.
    % 50 eta % 100 artean urteko gehieneko diru-sarrerak egiaztatzen dituzten pertsonentzat, indarrean dagoen DSBE prestazioa erreferentziatzat hartuta.
    % 50 langabeentzat.
    % 100 % 33ko edo gehiagoko minusbaliotasuna duten pertsonentzat.
  • Trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zergaren gaineko hobariak
    Familia ugariek ere hobari horiek jaso ahal izango dituzte, % 50, % 25 edo % 10arekin, lanbide arteko gutxieneko soldataren batez bestekoaren arabera.
    % 100 gutxienez 25 urteko antzinatasuna dutenentzat
    % 95 motordun ibilgailu elektrikoentzat eta/edo emisio nuluak dituztenentzat
    % 75 ibilgailu motordun hibridoetarako (4 urte lehen matrikulaziotik).
  • Hobariak ondasun higiezinen gaineko zergan
    Familia ugariek % 90 eta % 10 arteko hobaria izango dute, familia-errentaren zenbatekoaren arabera.
    Kalteberatasun-egoeran dauden pertsonek % 70eko edo % 90eko hobaria izango dute, eskatzaileen egoeraren arabera.
    % 50ekoa, besteak beste, honako kasu hauetan: obra berriak edo birgaitzekoak, babes publikoko etxebizitzak, «Etxebizitza Hutsaren Programaren» esparruan lagatzen diren ondasun higiezinak edo antzekoak…
    % 50 energia berriztagarriak aprobetxatzeko sistemak instalatuta dituzten higiezinentzat
    % 50 eta % 30 bitartean, A edo B eraginkortasun-etiketa duten higiezinetan.
  • Ur-hornidurarako hobariak familia ugarientzat
    % 50, % 25 edo % 10, lanbide arteko gutxieneko soldataren batez bestekoaren arabera.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top