DOT Durangaldea

Euskal kulturaren aniztasuna Durangoko Azokan, 1.098 nobedade eta 311 ekitaldirekin

Abenduaren 4tik 8ra egingo da aurtengo edizioa, 174 partaide eta 286 erakusmahairekin

Durangoko Azokak abenduaren 4an zabalduko ditu ateak

DURANGO | Durangoko Azoka azken prestaketa lanetan murgilduta dago dagoeneko. Abenduaren 4tik 8ra egingo den edizioak euskal kulturaren aniztasuna eta sormenaren indarra jarriko ditu erakusleihoan, 1.098 nobedade eta 311 ekitaldiko egitarauarekin. Guztira, 174 partaidek hartuko dute parte, eta Landako Gunean 286 erakusmahai jarriko dituzte.

Azokaren egitaraua gaur aurkeztu dute Durangoko Musika Eskolan, guneetako arduradunekin batera. Beñat Gaztelurrutia Gerediagako koordinatzaileak herritar guztiak gonbidatu ditu eskaintza zabala ezagutzera: «Durangoko Azoka ezagutzen duguna eta askoz gehiago da». Aurten ere, euskarazko sorkuntza sustatzeko eta sortzaileen lana ezagutarazteko topagunea izango da.

Landako Gunean eskuragarri egongo diren 1.098 kultur nobedadeen artean, 681 liburu, musikarekin lotutako 177 lan, 57 aldizkari eta beste 156 argitalpen izango dira, tartean jolasak, laminak eta papertegiko produktuak.

311 ekitaldi, egunez eta gauez

Egitarauak 311 ekitaldi bilduko ditu, azokako hainbat gunetan banatuta. Iaz hasitako bideari jarraituz, aurten ere iluntze eta gaueko ikuskizunak izango dira, Landako Guneko ateak itxi ondoren ere kultur eskaintzarekin jarraitzeko.

Gaueko kontzertuen artean, abenduaren 4an Beire eta Txopet taldeak arituko dira; hilaren 5ean, Mikosis eta TOC; 6an, Peiremans; eta 7an, Musika Berria jaialdia egingo da, Verde Prato, Silitia eta Malakias taldeekin. Kontzertuez gain, errezitaldiak, pieza eszenikoak eta film emanaldiak ere izango dira.

Gunez gune, eskaintza zabala

Talaia guneak gogoetarako eta solasaldietarako plaza izaten jarraituko du, eta 58 aurkezpen eta mahai-inguru bilduko ditu. Besteak beste, euskal, galiziar eta kataluniar idazleak elkartuko dituen errezitaldia eta mahai-ingurua egingo dira; Bonbereneak Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoei eskainitako diskoa aurkeztuko du, eta Labayruk Bitoriano Gandiagaren lanari buruzko solasaldia antolatuko du.

Berbagailua bideopodcasten gunea izango da berriro, Madalenako ermitan. Aurten, bereziki nabarmenduko dute podcastak sortzen ari diren gazteen presentzia. Atartea, berriz, arte ederrei eskainiko zaie Durangoko Museoan, Euskal Herriko sei ilustratzaileren lanekin eta Txelu Angoitiaren azken 25 urteetako azokako argazkiekin osatutako erakusketarekin.

Ahotsenean, euskarazko sortzaileen topagunean, bost egunetan 62 liburu eta 43 disko aurkezpen egingo dira. Irudieneak euskaraz ekoitzitako ikus-entzunezko 47 lan eskainiko ditu Zugaza zineman; tartean, film luzeak, dokumentalak eta 15 film labur.

Kabia guneak teknologia berriek gizartean eta hizkuntzan dituzten ondorioak aztertuko ditu, adimen artifiziala eta euskararen presentzia ingurune digitalean ardatz hartuta. Saguganbaran, haur eta gaztetxoentzako aurkezpenak, ipuin-kontaketak, tailerrak eta ikuskizunak izango dira. Szenatokiak, azkenik, antzerkia eta arte eszenikoak bilduko ditu, hainbat konpainiaren lanekin eta estreinaldiekin.

Gazte Eztanda eta Ikasle Goiza

Azoka abenduaren 4an hasiko da, Ikasle Goizarekin. Egun horretan, ikasleei zuzendutako tailerrak eta jarduerak antolatuko dira, nahiz eta Landako Gunea eta gainerako espazioak bisitari guztientzat zabalik egongo diren.

Abenduaren 5ean, berriz, Gazte Eztanda ospatuko da, gazteei zuzendutako jarduerekin eta gaueko kontzertuekin. Plateruenan Mikosis eta TOC taldeak arituko dira.

Azoka egunero 10:30etik 20:00etara egongo da zabalik, abenduaren 8an izan ezik; azken egun horretan 18:00etan itxiko ditu ateak. Antolatzaileek garraio publikoa erabiltzea gomendatu dute, eta abenduaren 5etik 8ra autobus zerbitzua jarriko da Iurretako autopista irteerako aparkalekuetatik Landakora.

Egitarau osoa eta egon daitezkeen azken orduko aldaketak durangokoazoka.eus webgunean kontsultatu ahal izango dira. Azokak, gainera, indarkeria matxistaren aurkako protokoloa aktibatuko du berriro, eta laguntza edo arreta behar dutenentzat puntu moreak jarriko ditu eskura.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top