Lau adin-kategoria izango ditu lehiaketak, eta kategoria bakoitzean bi sari banatuko dira, 250 eta 125 eurokoak

LEIOA | Udalak Maitasun Gutunen Lehiaketaren edizio berri bat deitu du, aurten hogeita zazpigarren ediziora iritsiko dena. Ekimenaren helburua sentimenduen komunikazioa sustatzea da, idazketaren bidez, eta gutuna literatura-genero gisa duen balioa nabarmentzea.
Adin guztietako pertsonek parte hartu ahal izango dute lehiaketan. Parte-hartzaileen adinaren arabera, lau kategoriatan banatuko da: 25 urte artekoak, 26 eta 45 urte bitartekoak, 46 eta 65 urte bitartekoak eta 66 urtetik gorakoak. Kategoria bakoitzean bi sari banatuko dira. Lehenengo saria 250 eurokoa izango da, trofeoarekin eta diplomarekin batera, eta bigarrena, berriz, 125 eurokoa, trofeoarekin eta diplomarekin batera.
Gutunak euskaraz zein gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dira, gehienez ere alde bakarretik idatzitako bi orrialdeko luzerarekin. Parte-hartzaile bakoitzak gehienez bi lan aurkeztu ahal izango ditu. Lanak originalak eta argitaragabeak izan beharko dute, eta ez dute beste lehiaketarik irabazita izan behar. Gainera, hiru aletan aurkeztu beharko dira, egilea identifikatzeko aukera ematen duen daturik gabe. Debekatuta dago gutunak sortzeko adimen artifiziala erabiltzea.
Epaimahaiak estiloa, idazlanaren garapena, aurkezpena eta originaltasuna baloratuko ditu. Eskuz idatzitako gutunen kasuan, kaligrafia ere kontuan hartuko du.
Lanak aurkezteko epea abenduaren 14ra arte egongo da zabalik. Gutunak Kultur Leioan aurkeztu ahal izango dira, zuzenean edo postaz, helbide honetan: Jose Ramón Aketxe plaza, 11, 48940 Leioa. Gutun-azalaren kanpoaldean “Maitasun Gutunen XXVIII. Lehiaketa” adierazi beharko da. Postaz bidalitako lanek, gehienez ere, abenduaren 19ko zigilua izan beharko dute.
Sariak 2027ko otsailaren 12an, 18:30ean, banatuko dira Kultur Leioan. Ekitaldian, saritutako gutunak ere irakurriko dira.


