Jardunak hamar funtzio eta lau emanaldi-gune izango ditu, Landako gunea eta Plateruena artean banatuta

DURANGO | Gaur goizean aurkeztu dute, San Agustin kulturgunean, TontoLapiko Egunaren bosgarren edizioa. Datorren apirilaren 3an ospatuko da jaialdia eta, aurrekoetan bezala, herriko kaleak umorez eta algaraz blaituko ditu egun osoan zehar. Egitaraua goizeko 12:00etan hasi eta gaueko 22:00ak arte luzatuko da, Landako gunea eta Plateruena ardatz hartuta. Guztira, hamar emanaldi eskainiko dira lau gune desberdinetan, kale-animazioarekin batera.
Publiko guztientzako egitaraua
Bost konpainiak osatuko dute aurtengo kartela, clown-a, zirkoa eta umore fisikoa uztartzen dituen eskaintza zabal batekin:
-
12:00etan eta 19:30ean: CIE Benoît Charpe konpainiaren Les Zèles D’Obus ikuskizuna.
-
13:15ean: Fanny Giraud eta Marta Sitjàren Las Polis saioa.
-
17:00etan: José Luis Redondoren Arriba lana ikusi ahal izango da.
-
18:15ean: Jimena Cavallettiren B.O.B.A.S (Banda Orquestal Benéfica de Actos Sepulcrales) saritua iritsiko da. Iaz eguraldi txarragatik bertan behera geratu ostean, aurtengoan bueltan da ikuskizun bitxi hau.
Etenik gabeko jarduna
Eguneko eskaintza Karrikaren Parkingdarrak II antzezlanak osatuko du, bost emanaldi desberdinekin (12:00, 14:00, 16:30, 18:00 eta 19:00etan). Horrez gain, Badut Teatroak etengabeko esku-hartzeak egingo ditu kalean giroa berotzeko. Jaialdiak ez dezan etenik izan, food truck-ak egongo dira Landako inguruan egun osoan zehar.
Paule Sanchez Kultura zinegotziak aurkezpenean nabarmendu duenez, TontoLapiko Eguna Durangoko “erreferentziazko kultur hitzordu gisa finkatu da”. Sanchezek azpimarratu du jaialdi hau herriko aberastasun kulturalaren erakusgarri dela, hainbat genero uztartzen dituelako eta herriko espazio ezberdinak (Landako, Plateruena eta kalea bera) hartzen dituelako. Gainera, Aste Santuko datetatik gertu egoteak “Durango bizitzeko eta gozatzeko beste erakargarri bat” dela gaineratu du.


