Ohiko formatuari jarraiki, elkartasunez jositako musika eta jai giro sano eta segurua izan zen nagusi

DURANGO | Barikuan eman zitzaion hasiera aurtengo edizioari. Ekitaldi nagusiak hunkiduraz bete zituen bertaratutako ehunka lagunak. Dantzari, margolari, poema errezitatuen bitartez, bertaratutakoek emozioak pil-pilean bizi izan zituzten. Ibonek ere hartu zuen hitza. Bisita batean hildako pertsona baten senidea da Ibon. Lehen pertsonan, errepresioak jasandako albo-kalteetatik kontatu zuen zer den injustizia bategatik senide bat galtzea. Ondoren, Etxeratek eta 40 Minutu Rockek hitzartzea egin zuten, orain arteko ibilbidea nabarmenduz, eta etorkizunera begira dauden erronkak gogoratuz.
Ondoren, Ruper Ordorikaren kontzertua etorri zen. Plateruena beteta, argitaratu berri dituen abesti berriak aurreko diskoetako kantarik ezagunenekin uztartu zituen, gaua magikoa eginez.
Zapatua zain zuten Landakok eta Plateruenak, eta milaka lagun zain zapatua ailegatzeko. Plateruenan musikak ez zuen etenik izan, Chicabeat & Rocky Violencia, Matah, Labar, Adur, Sembrando Kaos, Pibikens, Kene.mp3 eta Totozer MJ artisten eskutik aniztasuna nagusi izan zen bertan. Landako Gunean, berriz, lehen ordutik adin guztietako jendea batu zen. Naxker, Nafarroa 1512, Zeker, Les Testarudes, Ezezez, Marte Lasarte, EH Sukarra, Zea Mays, Brigade Loco, Neomak, Non Servium, Merina Gris eta Kiliki taldeak aritu ziren oholtzetan. Nostalgiaren eta gaurkotasunaren arteko sokan jarri zuten Landako, betekada ikusgarria edukirik eta belaunaldi guztiak baturik kontzertuetan.
Harrera elkartearen bitartez, ekitaldi ederra bizi izan zuten ikus-entzuleek, non elkarrizketa bat irudikatu zen, kaletar baten eta hirugarren gradua duen preso baten artekoa. Ezin hobeto azaleratu zen, presoa aske geratzen denean ere, badagoela zer egina. Justizia eta erreparazioa ez direlako barroteak atzean utzita ordaintzen. Bergizarteratze prozesua ezinbestekoa da, preso edota iheslari bati kendu zioten hura berreskuratzen laguntzeko. Hargatik, Harrera elkarteari babesa emateko deia ere zabaldu zen, publikoak aldarri oihuak egin eta topa kolektibo zabal eta ikusgarri bat egitearekin batera.


