Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako erakusketa honek Esteban Urkiaga ‘Lauaxeta’ poetaren bizitza eta ondarea erakusten ditu

DURANGO | Durango izango da “Lauaxeta, Ametsen egilea / Arquitecto de sueños” erakusketa ibiltaria hartuko duten udalerrietako bat. Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako ekimen kulturala da, Jon Kortazar katedradun eta literatura kritikaria komisario duena, eta Lauaxeta izengoitiz ezagunagoa den Esteban Urkiaga poetaren irudia eta haren ondare literario, politiko eta gizatiarra balioan jartzea du helburu.
Erakusketa igandera bitarte, irailak 28, egongo da ikusgai Durangoko Arte eta Historia Museoan, eta interesa duten herritar guztiei aukera eskainiko die XX. mendeko euskal kulturaren erreferente nagusietako baten inguruan ikuspegi hurbil eta historikoa izateko.
10 panel mugikoren bidez, bisitariak egilearen bizitzan zeharreko ibilbide bisual eta laburra egingo du. Laukizen jaioa izan arren, Lauaxetak lotura estua izan zuen Durangorekin, bertako Jesuiten ikastetxean ikasi baitzuen.Erakusketaren ardatz nagusia haren “ametsak” dira, besteak beste bokazio poetikoa, kazetaritzan egindako lehen urratsak, kultura berritzeko nahia eta garaiko gizartea eraldatzeko konpromisoa.
Gainera, erakusketak poetaren argazki eta dokumentu berriak dakartza, orain arte gutxi ezagututakoak, hala nola, mitinen kartelak, eskuz idatzitako testuak, kartzelan sartzeko agiria eta heriotza-zigorraren inguruko dokumentuak. Halaber, gogora ekartzen da 1938an Bartzelonan euskal idazle talde batek egindako omenaldia.
“Lauaxeta, Ametsen egilea / Arquitecto de sueños” Bizkaiko bost udalerritan zehar ibiliko den erakusketa ibiltariaren parte da, guztiak ere poetaren bizitzarekin lotura zuzena dutenak. Durangon, bereziki esanguratsua da, herri hau bere heziketa eta ibilbide pertsonal eta intelektualean giltzarri izan baitzen.