Proiektuak taberna, sarrera, komunak eta jantokia berrituko ditu, erabiltzaileen eguneko erabilera hobetzeko

AMOREBIETA-ETXANO | Udalak Nafarroa Zentroa hobetzeko fase berri bati ekingo dio, beheko solairuko hegoaldeko hegalean barruko erreforma-proiektua abiaraziz. Esku-hartze honek taberna/kafetegi gunea berritzea, sarrera-harrera gunea egokitzea, komunak modernizatzea eta egokitzea, eta jantokiko espazioa malguagoa egiteko lanak hartzen ditu barne, beste jarduera batzuetarako ere erabilgarria izan dadin.
Helburu nagusia da espazio horiek abegikorragoak, funtzionalagoak eta irisgarriagoak bilakatzea, erabiltzaileen benetako beharretara egokituz. Tabernako barra ikusgarriagoa den toki batean kokatuko da, zentroko sarrera beroagoa eta irekiagoa izango da, eta komunek mugikortasun urriko pertsonentzako egokitzapen espezifikoak izango dituzte. Gainera, jantokia tabernatik bereiziko da, erabilera independenteak edo bateratuak ahalbidetzeko, espazioaren aldakortasuna areagotuz. Une honetan, aipatu proiektua lizitazio prozesuan dago eta lanei udan ekitea aurreikusten du Udalak, erabiltzaileei ahalik eta eragozpen txikienak sortzeko. Aurrekontua 629.682,97 eurokoa izango da eta 5 hilabeteko epean amaitzea da Udalaren asmoa.
“Nafarroa Zentroa adineko bizilagunak eroso, seguru eta euren egunerokotasunean erraztasun guztiekin gozatzeko lekua izatea nahi dugu. Erreforma hau gure herritarrentzat funtsezkoa den espazio baten bizi-kalitatea eta irisgarritasuna hobetzeko apustu argia da”, adierazi du Ainhoa Salterain alkateak.
Obra hau Nafarroa Zentroko irisgarritasuna hobetzeko berriki egindako esku-hartzeari gehitzen zaio; izan ere, maiatzean Udalak sarrera errazteko arrapala berri baten eraikuntza hasi zuen, mugikortasun urriko pertsonentzako, 57.000 eurotik gorako aurrekontuarekin eta bi hilabeteko epean burutzeko aurreikuspenarekin.
Proiektu hauekin, Amorebieta-Etxanok bere ekipamendu sozialak berritzen eta modernizatzen jarraitzen du, ingurune inklusibo, eroso eta erabiltzaile guztien beharretara egokitutakoak sustatuz.