DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Durangaldeko Ezpatadantzari Eguna Mallabian egingo da datorren zapatuan

Sei herritako zortzi dantza taldek parte hartuko dute egitarauan, Jaizale txistularien elkarteak lagunduta

Ekitaldia datorren maiatzaren 31an izango da

MALLABIA | Urte batzuetako etenaldiaren ostean, 2023. urtean Abadiñon hasi zuten bide berria eskualdeko ezpatadantzariek. Iaz ospakizunak Zaldibarren izan ziren eta 2025ean, Mallabian izango dira. Durangaldeko dantza taldeak eta txistulariak batuko dira, herriaren ondare diren heinean duten garrantzia azaleratu eta aldarrikatzeko. Horretarako, Gerediaga Elkarteak kudeaketan laguntza eskaini die beste behin eta Mallabiko udalak ekitaldia egiteko dirulaguntza eman du.

Maiatzaren 31ko arratsaldean izango dira ospakizunak. Parkea plazan izango da dantza erakustaldia 18:00etan, baina orduerdi arinago herriko pilotaleku aurretik kalejiran atera eta herrigunea zeharkatuko dute. Saioa amaitutakoan, 20:00ak aldera, herriko tabernetatik trikipoteoa izango da.

6 herri, 8 dantza talde eta Durangaldeko txistulariak

Parte hartuko duten taldeak honek:

Berrizko Iremiñe eta San Lorentzo
Durangoko Kriskitin eta Txoritxu Alai
Iurretako dantzariak
Mallabiko Gazte Alai
Otxandio Urduri
Zornotzako Udabarri

Dantzariek Durangaldeko Jaizale txistularien taldeak jotako doinuen jarraituta egingo dute dantzan.
Dantzari-Dantzako 9 piezak dantzatuko dituzte dantza taldeek: Agintariena, Zortzinangoa, Ezpata joko txikia, Banangoa, Binangoa, Ezpata joko nagusia, Launangoa, Makil-dantza eta Txotxongiloa. Amaieran, soka-dantza edo erregelak egingo dira.

Mallabiko dantza taldea gaur egun
Mallabiko ezpatadantzari taldea agertzen den aurkitutako lehenengo argazkia 1934koa da. Mallabiko bandera eta guzti zortzi lagunez osotutako taldea ikusten da irudian.

Gerora, 1969. Urtean Justo Azagirre buru zela, Mallabian kultur mugimendu indartsua jaio zen eta besteak beste, Santa Agenda bezperan eskean ateratzeko ohitureari ekin zioten, herriko ermitetan jaiak berreskuratu ziren, eta dantza taldea ere garai horretan berpiztu zuten. Ermuko Joseba Idigoras ibili zen dantzamaisu eta Emilio Txurruka zein Eloi Zelaieta txistulari. 1995. urtera arte martxan
izan zen taldea. Baina etenaldia etorri zen gero.

2011. urtean, berriz, bandera zaharra galdu eta erreplika bat egiteko aitzakiaren haritik Gazte Alai taldea berriro martxan ipini zen. 50 ume ingururekin dantza eskola ere sortu zuten. Ume eta gaztetxo horiek, auzoetako jaietan parte hartzen zuten. Nagusien dantza talde batek, gainera, Dantzari-Dantza Andra Mari egunean plazan dantzatzeko ohitura hartu zuten. Tartean, Jesus Mari Uribelarreak erakutsitako erregelak ere egiten zituzten.

Gaur egun, gazte-nagusien taldean 10 neska-mutilek osatzen dute Mallabiko Gazte Alai dantza taldea. Eta umeen taldea ere badago, 30-40 ume dabiltza eskualdeko dantzak ikasten.

Mallabian, behin baino ez da egin Durangaldeko Ezpatadantzari Eguna, 1982. urtean.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top