DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Zornotzan Euskaraldiko txapak maiatzaren 5etik 15era banatuko dira

Ahobizi eta Belarriprest bezala edota hika parte-hartu nahi duten pertsonentzako txapak hilaren 5etik 15era banatuko dira Zelaieta parkean eta Zubiondo plazan

Txapak hilaren 5etik 15era banatuko dira

AMOREBIETA-ETXANO | Maiatzaren 15etik 25era ospatuko den Euskaraldiaren edizio berri baterako prestatzen ari da. Orain arte bezala, norbanakoek Ahobizi edo Belarriprest modura eman ahal izango dute izena. Edonola ere, aurtengoan berezitasun txiki batekin aurkeztu da Euskaraldia: herritarrek Euskaraldian hikan parte hartzeko aukera ere izango dute, modu horretara, tokiko hizkuntza modalitate berezi honen berreskurapena eta hedapena sustatuz.

Euskaraldiaren aurreko edizioetan, horretarako interes berezia izan duten herrietan, ekimen propioz sortu zuten Hikaldia, batez ere Gipuzkoako eskualderik euskaldunenetan. Laugarren edizio honetan, udalerri guztiei zabaldu zaie Euskaraldia hikan parte hartzeko aukera, eta Amorebieta-Etxanok aukera hori baliatu nahi izan du herrian hitanoa ezagutarazi eta zabaltzeko.

Izan ere, herriko hitanoa berreskuratu eta lantzeko 25 lagun inguruko taldetxoa sortu da herrian, eta helburua da herriko hizkera berezi hori ezagutzera ematea eta erabiltzea. Horretan laguntzeko, Amorebieta-Etxanoko Udalak eskuorri bat banatu du etxe guztietara, hitanoko formak ezagutzera emateko eta hala nahi duten herritarrek Euskaraldia hikan parte hartzeko.

Txapen banaketa

Euskaraldiko txapen banaketa maiatzaren 5ean hasiko da herriko hainbat puntutan, hala nola Zelaieta parkean eta Zubiondo plazan. Bertan, Ahobizi zein Belarriprest bezala parte hartuko dutenentzako txapak zein Hikaldia bezala izendatu den ekimen honetan izena ematen dutenenak banatuko dira. Azken horiek, hikako “H” ikurra duten txapak eramango dituzte Euskaradiak irauten duen bitartean, parte-hartzailea hika hitz egiteko prest dagoenaren adierazle gisa. Hitanoa ikasi edo entzun nahi duten pertsonei ere irekita dago aukera hau, nahiz eta erabat menderatu ez.Hauek dira banaketa-puntuak eta -ordutegiak:

  • Maiatzak 5:17:30-19: 30 Zelaieta Parkean
  • Maiatzak 6-13: 8: 30-21:00 Zelaietako harreran
  • Maiatzaren 14an: 17:30-19: 30 Zelaieta Parkean
  • Maiatzak 15:18: 00-19:00 Zubiondo plazan (karpa)

Hitanoa tokiko kultura-elementu gisa

Hitanoa ez da hizkuntza aldaera bat bakarrik, Amorebieta-Etxanoren identitatearen funtsezko zati bat baizik. Euskaraldiaren esparruan, udalerriak beste urrats bat eman du bere hizkuntza-ondarearen sustapenean. Gainera, iaz hitano-ikastaro bat egin zen zornotzarren artean hitz egiteko modu hori irakasteko eta partekatzeko, hika eguneroko bizitzan erabili nahi dutenen integrazioa erraztuz.

Amorebieta-Etxanok interesa duten pertsona guztiak gonbidatzen ditu Euskaraldiaren edizio honetan aktiboki parte hartzera, hitanoa euskararen erabilera sustatzeko tresna gisa erabiliz. Izena emateko: https://izenematea.euskaraldia.eus/ helbidean eman daiteke izena.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top