Erakusketa urtarrilaren 12ra arte egongo da eskuragarri, Landako 1 kanpokaldean eta Ibaizabal parkean
DURANGO | Udalak, Medicus Mundi Bizkaiarekin lankidetzan, nazioarteko lankidetza elkartasun globalerako tresna gisa balioesten duen erakusketa bat inauguratuko du. Erakusketa urtarrilaren 12ra arte egongo da eskuragarri Landako 1en kanpokaldean eta Ibaizabal parkean, eta Durangotik Hegoaldera lehiaketa irabazi ondoren Guatemalara bidaiatu zuten Durangoko lau gaztek sortu dute.
Erakusketak zazpi panel interaktibo ditu, QR kodeen bidez eskura daitezkeen irudiak, testigantzak eta multimedia-edukiak konbinatzen dituztenak. Horien bidez, bisitariek gazte horien esperientzietan eta Durangoko Udalak Guatemalan kofinantzatutako proiektuetan sakondu ahal izango dute. Durangok Medicusmundirekin kolaboratzen du, Aliantzaren zentroak sexu-indarkeriatik eta pertsonen salerosketatik bizirik atera diren haur eta nerabeei arreta integrala emateko egiten duen lanari eutsiz, haien eskubideak berreskuratzeko. Durangoko Udalaren laguntza ekonomikoari esker, Aliantzak estrategia komunitario bat gara dezake gizarte-eraldaketaren ikuspegitik, komunitateetan laguntza-taldeak eta -sareak eratuz. Sareek sentsibilizazio-lanak egiten dituzte, kasuak identifikatzen dituzte eta funtsezkoak dira familia-mailako eta banakako prozesuetan laguntzeko.
Durangoko Udalak garapenerako lankidetzarekiko konpromisoa indartu du, tokiko elkarteekin eta Medicus Mundi Bizkaia bezalako erakundeekin lankidetzan. 1966tik, Afrikan, Latinoamerikan eta Euskadin osasunerako eskubidea bermatzeko lan egiten du erakunde horrek, eta komunitate ahulenei eragiten dieten egiturazko desberdintasunak eraldatzen laguntzen du.
Durangoko Udalak herritar guztiak gonbidatzen ditu erakusketa hau bisitatzera eta munduko beste leku batzuek aurrez aurre dituzten errealitateak gertutik ezagutzera, baita gizarte justuago eta solidarioago bat eraiki nahi duten ekimenak ezagutzera ere. Informazio gehiago nahi izanez gero, jo Udalaren orrialde ofizialera: www.durango.eus.