Udalak abiatutako kontzientziazio kanpainak hitzaldiak ere jasotzen ditu

AMOREBIETA-ETXANO | Udalak Mugikortasun Pertsonaleko Ibilgailuen (MPI), hala nola patinete elektrikoen, erabilerari buruzko kontzientziazio-kanpaina bat jarri du martxan, herritarrei haien zirkulazioari buruzko araudi berriak ezagutarazteko asmoz.
Kanpaina hau Trafiko, Zirkulazio eta Bide Segurtasuneko udal ordenantza berria indarrean jartzearekin bat dator denboran. Ordenantza honek herriko bide publikoetan segurtasuna eta bizikidetza bermatzea du helburu, mugikortasun-ohitura berrietara egokituz. Hala, kanpaina honen bitartez, Amorebieta-Etxanoko Udalak informazio eskuorria banatzu du udalerriko postontzi guztietan.
Mugikortasun Pertsonaleko Ibilgailuen (MPI) arautegia
Azken urteotan nabarmen areagotu da Mugikortasun Pertsonaleko Ibilgailuen (MPI) erabilera, bereziki patinete elektrikoena. Hori dela eta, araudi berriak hainbat neurri ezartzen ditu, horien artean; MPIak erabiltzeko gutxieneko adina 16 urtekoa izatea, kaskoaren derrigorrezko erabilera eta 25 km/h gehienezko abiadura, besteak beste.
Kanpainaren baitan, Udalak informazio-eskuorria banatzen hasi da etxe guztietan, MPI-ak modu arduratsu eta seguru batean erabiltzeko kontuan hartu beharreko arau nagusiak laburbiltzen dituena. Eskuorrian, besteak beste, entzungailuen erabilerari, alkohol edo droga kontsumoari edota espaloietan edo oinezkoentzako guneetan zirkulatzeari loturiko neurriak azpimarratzen dira.
Herritarrei zuzenduriko kontzientziazio-hitzaldiak
Eskuorriaren banaketaz gain, kanpaina hau Udaltzaingoarekin elkarlanean antolatutako informazio-hitzaldiekin osatuko da. Hitzaldi hauek maiatzean egingo dira ikastetxeetan, MPI-en erabiltzaile nagusiak diren gazteengana iristeko helburuarekin. Gainera, herritar guztientzako saio ireki bat eskainiko da maiatzaren 16an, 18:30ean, Zelaieta Zentroan. Hitzaldian ordenantza berriaren xehetasunak azalduko dira eta bertaratutakoen zalantzak argituko dira.
Bizikletak, MPI-ak eta oinezkoak: bizikidetza-arauak
Ordenantzak, MPIen erabilera arautzeaz gain, bizikleten zirkulaziorako, bidegorrien erabilerarako eta oinezkoen eta ibilgailu tradizionalen arteko bizikidetzarako arauak ere ezartzen ditu. Neurri nagusien artean, MPIek argiak eta txirrina bezalako segurtasun-elementuak izan behar dituzte, eta galtzada eta bidegorrietara mugatu behar dute zirkulazioa.
Araudi berri honekin, Udalak mugikortasun seguruago eta antolatuagoa bermatu nahi du udalerrian, garraio-moduetan gero eta anitzagoa den biztanleriaren beharretara egokituz. Ekimen hau Udalak bide-segurtasunarekin eta Amorebieta-Etxanoko bide publikoen erabiltzaile guztien arteko errespetuzko bizikidetzarekin duen konpromisoaren parte da.