Gazte bakoitzeko hamar saio lagunduko ditu gehienez, eta egitasmoari segida emango dio 2025ean
ZALDIBAR | Udalak kanpaina berri bat ipini du martxan: herriko gazteen arreta psikologikoa lagunduko du diruz; zehazki, 16 eta 35 urte bitarteko gazteena. Udalak kontsulta bakoitzeko prezioaren %80 hartuko du beregain, saio bakoitzeko 52 euroko mugarekin. Era berean, onuradun bakoitzeko, 10 saio lagunduko ditu gehienez. Diruz lagunduko direnak aurten jasotako arreta saioak, 2024an egindako kontsultak, izango dira. Edozelan ere, udalak aurreratu du 2025ean ere jarraipena emango diola egitasmoari: arreta psikologikoan laguntzeko diru-partida gordeko du datorren urteko aurrekontuetan. Beste 9.000 euro erabiliko ditu helburu horretarako.
“Arreta psikologikoa laguntzeko kanpaina 2024ko aurrekontu parte-hartzaileetan sortu zen. Denbora tarte honetan, kanpainako oinarriak zehazten ibili gara; orain, dena daukagu prest. Zaldibarko gazteek arreta psikologikorako laguntzak jasotzeko aukera izango dute lehenengo aldiz. Garrantzitsua deritzogu gazteriaren buru-osasuna zaintzeari”, adierazi du Eneritz Azpitarte alkateak.
Eskariak eta baldintzak
Gazteek udaletxeko bulegoetan eskatu ditzakete laguntzak, baita, bide telematikoak erabilita, Zaldibarko Udalaren web atariaren bitartez ere.
Eskatzaileek hainbat baldintza bete beharko dute dirulaguntzak jasotzeko. Hasteko, gazteek Zaldibarren erroldatuta egon beharko dute; laguntzak norbanako modura, familia-unitate modura edo familia ugari modura eskatu ahalko dira; kontsultak psikologia kliniko edo sanitarioko espezialistek eginikoak izan beharko dira. Eskabideak egiteko epea urtarrilaren 31n agortuko da.