Gainera, parke naturalak 6.034 bisita izan ditu lehen seihilekoan

URKIOLA | Armañongo, Gorbeiako eta Urkiolako parke naturaletako parketxeek 20.860 bisita jaso dituzte aurtengo lehenengo sei hiletan, Bizkaiko Foru Aldundiak egindako kalkuluaren arabera. Hiru interpretazio-zentroetatik, Gorbeia izan da bisitatuena (8.062 bisitari), eta, ondoren Armañon (6.764) eta Urkiola (6.034).
Bisita gehienak (% 69,2, hots, 14.450) lanegunetan izan dira; jaiegun, zubi edo asteburuetan, berriz, 6.410 bisitari etorri dira ekipamendu horietara. Aurten ere, parketxeak lanegunetan bisitatzen dituzten gehienak hezkuntza-programetan parte hartzen duten ikasleak dira, eta pisu handia dute guztizko bisitari kopuruan.
8.873 ikaslek hartu dute parte ibilbide didaktikoetan
2025eko lehenengo sei hiletan, Bizkaiko zenbait ikastetxetako 8.873 ikaslek parte hartu dute parketxeetako langileek antolatutako ibilbide didaktikoetan. Ibilbide horiek aukera ematen dute lurraldeko parkeen balio naturalak eta kulturalak modu praktikoan eta hezigarrian ezagutzeko, eta euskara da hizkuntza nagusia.
Urkiolako parketxeak jaso du ikasle gehien (3.180), eta, ondoren, Gorbeiakoak (3.093) eta Armañongoak (2.600).
3.951 bisitari talde antolatuetan etorri dira
Ikasleez gain, parketxeek 3.951 bisitari jaso dituzte talde antolatuetan (elkarteak, talde kulturalak edo txango gidatuak). Hona hemen parketxeen arteko banaketa: Armañon (1.769), Gorbeia (1.107) eta Urkiola (1.075).
Bisita partikularrak 8.036 izan dira.
Bestalde, 8.036 bisitari banaka edo familia- edo lagun-talde txikietan etorri dira parketxeetara; Gorbeiakoak jaso du mota horretako bisita gehien (3.862), eta, ondoren, Armañongoak (2.395) eta Urkiolakoak (1.779).
Bisitarien profila
Parketxeetara etorri direnen profila ez da aldatu aurreko urteetatik hona. Armañonen eta Urkiolan, bisitari gehienak Euskal Autonomia Erkidegokoak dira, batez ere Bizkaikoak. Familia, bikote edo lagunen bisitak dira; batez ere gaztelaniaz mintzatzen dira, eta 30 eta 60 urte bitartekoak izaten dira.
Gorbeian, berriz, estatuko turista gehiago daude, baina bizkaitarrak ere nagusi dira. Bikoteak dira bisitari mota ohikoenak, eta gaztelania da gehien erabiltzen den hizkuntza.