DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Saskibaloia, tailerrak, mountain bike eta skate zirkuituak… Durangoko Mugikortasun Astean

Gainera, eskulan-tailerrak, bizikleten mekanikari buruzko prestakuntza eta bide-indarkeriaren aurkako sentsibilizazio-jarduerak egingo dira

Programazioa hurrengo asteburuan izango da

DURANGO | Urtero bezala, Durangok Mugikortasunaren Europako Astearekin bat egingo du, irailaren 16tik 21era. Urteko ekitaldi honen helburua garraio-modu jasangarriagoak, seguruagoak eta osasungarriagoak sustatzea  da, eta, aldi berean, herritarrak ingurumena errespetatzen duten mugikortasun-ohiturak hartzearen garrantziaz kontzientziatzea.

Aste honetan zehar, Durangoko Udalak egitarau zabala prestatu du, tailerrak, hitzaldiak eta publiko guztientzako irteerak egingo dira, gazteenei arreta berezia eskainiz. Jarduera nabarmenetako bat “Don’t be Dummy” bide-hezkuntzako programaren aurkezpena izango da, San Agustin Kultur Etxean. Tokiko gazteei zuzendutako programa honek bi saio izango ditu irailaren 17an, bata 10:30ean eta bestea 12:00etan, parte-hartze handiena bermatzeko.

Asteburuan, irailaren 20an eta 21ean, adin guztietarako eta familia osoarentzako jarduera ugari antolatuko dira, mugikortasun aktiboa eta herritarren arteko harremanak sustatzeko helburuarekin. Larunbatean, 11:00etatik 15:00etara, ekintza ugari izango dira bi gunetan. Zumalakarregi kalean (Ezkurdi), Mountain Bike, skate eta bizikleten zirkuituak egongo dira erabilgarri, eta horien mantentze-lanei buruzko formazio saioak eskainiko dira. Aldi berean, Jose Miel Barandiaran kalean, hainbat tailer egingo dira, besteak beste, bizikleten margoketa (Bike paint), eskulanak, talo tailerra, egurrezko jokoak eta xakea. Igandean, Zumalakarregi kalean, 09:00etatik 15:00etara, 3×3 saskibaloi txapelketa jokatuko da, Tabirako Saskibaloi Taldeak antolatuta. 

Jarduera horiek guztiek aukera emango dute modu aktiboan eta osasungarrian aisialdiaz gozatzeko, eta, aldi berean, hiri jasangarriago eta bizigarriago baten aldeko kontzientzia sustatzeko.

Jardunaldian parte hartuko duten elkarteak eta egingo dituzten jarduerak honako hauek dira:

  • Zuresku: Ohitura osasungarriei eta mugikortasun jasangarriari buruzko heziketa tailerra.
  • Berbaro: Talo tailerra, euskal gastronomia tradizionala.
  • Larrasoloeta Xake Kluba: Adin guztientzako xake tailerra.
  • Txita: Bizikleta eta skatearekin lotutako eskulan tailerra.
  • Atik Skatepark: skate tailerra abenturazaleentzat.
  • STOP Bide-indarkeria – STOP Violencia Vial: Bide-indarkeriaren aurkako sentsibilizazio-ekintza eta bizikletazko irteera.
  • Duranguesa Txirrindulari Elkartea: Bizikleten mekanikako formazioa eta taldeko bizikleta irteera.
  • Tabirako Saskibaloi Taldea: 3×3 saskibaloi txapelketa, irailaren 21ean goizez jokatuko dena

Mireia Elkoroiribe, Durangoko alkateak, ekimen honek herriarentzat duen garrantzia nabarmendu du, “Mugikortasunaren Europako Astea aukera paregabea da gure herritarrak mugikortasun-ohiturak aldatzeko beharraren inguruan sentsibilizatzeko, eta garraio-modu jasangarriagoak hartzera bultzatzeko, hala nola bizikletaren erabilera edo oinez ibiltzea. Gure bidegorri-sarea handitzearekin, Bizipark zerbitzua martxan jartzearekin eta aste honetako moduko jardueren bidez bizikletaren erabilera sustatuta, Durango mugikortasun aktiboaren erreferente bihurtzen ari da eskualdean. Programatutako jardueren bidez, durangarrak modu aktiboan parte hartzera animatu nahi ditugu, ingurumenarekiko errespetuzko eta osasungarriagoa den hiri-eredu baten alde.”

Durangok lanean jarraitzen du mugikortasun jasangarria bere politika publikoaren oinarri nagusietako bat izan dadin, herritarrei alternatiba seguru eta eskuragarriak eskainiz. Udalak herritar oro programatutako jardueretan parte hartzera gonbidatzen du.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top