DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Noiz itzuliko da eguraldi eguzkitsua Durangaldera?

Gaur, ostirala, eguraldi grisak jarraituko du, baina bihartik aurrera eguzkia izango da protagonista

Eguraldi goibela espero da gaur Durangaldean GRAFISMOA: Unai García

EGURALDIA |  Egun askotan eguraldi hodeitsua, euri txikia eta udazkenaren berezko tenperaturak izan ondoren, 22 graduko maximoak eta 16 edo 14ko minimoak Otxandion bezala, badirudi abuztua eguraldi eguzkitsua eta beroa berreskuratzeko gogoz datorrela. Ostarte zabalak, behintzat, itzuli egingo dira, eta, aurreikuspenen arabera, igandetik aurrera, nahiz eta bihar, larunbata, arratsaldean, hobera egingo duen, eguzkiak argi egingo du eta maximoak igotzen joango dira, astelehenean 30 gradura iritsi arte. Datorren astera begira, eguraldiak egonkor jarraituko du, baina ez da baztertzen zenbait ekaitz izatea.

Gaur iparraldeko haizearen eraginpean jarraituko dugu eta haize horrek hodeiak ekarriko dizkigu beste behin. Une batzuetan zerua oso lainotuta egongo da eta euria egingo du han-hemenka iparraldeko eskualdeetan. Beste momentu batzuetan ostarteak zabalduko dira. Hegoaldean ateri eutsiko dio, baina Araban eta Nafarroa erdialdean tarteka zerua lainotuta ager daiteke. Tenperaturan gorabehera handirik gabe jarraituko dugu.

Tiempo previsto para el sábado y domingo

Larunbataren hasieran zerua lainotuta egongo da eta euri pixka bat egin dezake han eta hemen ipar partean. Orduek aurrera egin ahala, ordea, altxatuz joango da; arratsaldean ateri egongo da eta ostarte zabalak gailenduko dira. Hegoaldean, egunaren hasieran lainoguneak izan daitezkeen arren, giro eguzkitsua nagusituko da. Iparraldeko haizea ibiliko da, arratsaldean ipar-ekialdekoa, eta tenperaturak antzera jarraituko du, hegoaldean apur bat igo daitekeen arren.

Igandean uda giroa nagusituko da. Egunaren hasieran lainoa eta behe-hodeiak agertuko dira, baina goizak aurrera egin ahala giro eguzkitsua nagusituz joango da. Arratsaldean goi-hodei batzuk ere ikusiko ditugu. Haizea ahul ibiliko da, eta arratsaldean iparraldetik finkatuko da. Tenperatura igotzen hasiko da: kostaldean 23-25 ºC artera iritsiko dira eta barnealdean 25 ºC-ak gaindituko dira, Ebro ibarrean 30 ºC-ak ere bai.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top