Parte-hartzaileak 10:00etan batuko dira Otamotzena parkean. San Andres basoraino ibilaldi bateratua burutuko dute

Ostirala eguraldi makurrarekin dator, bereziki eguerditik aurrera
Zuhaitz Eguna datorren igandean ospatuko da

DURANGO | Udalak, Hezkuntza Arloaren bidez, Zuhaitz Egunaren edizio berri bat antolatu du martxoaren 22rako, ingurumenarekiko sentsibilizazioa eta ingurune naturalarekiko konpromiso kolektiboa sustatzera bideratutako jardunaldi parte-hartzailea. Jarduera 10:00etatik 13:30era izango da.

Jardunaldia 10:00etan hasiko da Otamotzena parkean eta handik parte-hartzaileek ibilaldi bateratua egingo dute San Andres basora, jardueraren agertokira. Bertan 50 zuhaitz berri landatuko dira, eta parte-hartze aktiboa sustatzeko hainbat animazio-jarduera egingo dira.  Ondoren, 12:30ean, hamaiketakoa egiteko etenaldia egingo da eta, azkenik, 13:00etan itzulerari ekingo zaio.

Jardunaldia Lehen Hezkuntzako 3., 4., 5. eta 6. mailetako ikasleentzat eta haien familientzat da bereziki, belaunaldien arteko parte-hartzea eta ingurumen-hezkuntza txikitatik sustatzeko.

Antolatzaileek ogitartekoa ekartzea gomendatzen diete parte-hartzaileei, goizean aurreikusitako etenaldiaz gozatzeko.

Asier Perugorria Hezkuntza zinegotziak azpimarratu duenez, “Zuhaitz Eguna aukera bat da haurrek gure ingurunea zaintzearen balioa modu praktikoan ikasteko eta ekintza txikiek, hala nola zuhaitz bat landatzeak, udalerriaren etorkizunean benetako eragina dutela ulertzeko”. Era berean, horrelako ekimenetan familiak inplikatzearen garrantzia nabarmendu du, “lotura komunitarioak indartzen dituelako eta belaunaldi berriei ingurumen kontzientzia partekatua transmititzen dielako, naturarekiko erantzukizunean eta errespetuan oinarrituta. Familia durangarrak parte hartzera animatzen ditugu ”.

Zuhaitz Eguna urtez urte sendotzen ari den hezkuntza-, partaidetza- eta ingurumen-arloko hitzordua da, herritarrak Durango berdeago eta jasangarriago baten alde aktiboki parte hartzera animatzen dituena.