DOT Durangaldea

Iurretako Udalak Maiztegiko patioarekin aurrera jarraitzeko adostu du

EH Bilduk eskatuta ez-ohiko plenoa egin du asteazken honetan

Aurrekontua 6,8 milioikoa da.
Ez ohiko plenoa burutu du Iurretako Udalak

IURRETA | Udalak asteazken honetan ez-ohiko plenoa egin du, EH Bilduko lau zinegotzien ekimenez deitua, Maiztegi Herri Eskolako patio inklusiboaren proiektua lantzeko. Udal Gobernuak proiektuan egindako aldaketa unilateralek sortutako blokeo-egoerari irtenbide adostua bilatzea izan da plenoaren helburua, hezkuntza-komunitatearekin elkarlanean aurrera egiteko.

EH Bilduk deialdian jasotako puntu bakarra osatzen zuten atalak banan-banan eztabaidatu eta bozkatzea eskatu du, aurreko plenoetan bertan agerian geratu baitzen edukien artean adostasun maila desberdinak zeudela. Prozedura horri esker, jarrerak argitu eta benetako akordioak lantzeko aukera izan da.

Plenoan, bost puntutik lau aho batez onartu dira, udal talde guztien babesarekin:

  1. Maiztegi Herri Eskolako hezkuntza-komunitatearen lanaren aitortza instituzionala.
  2. Jarraipen-mahaiaren sorrera, prozesuaren koordinazio eta parte-hartzerako espazio gisa.
  3. Hezkuntza Foroa eratzea, herri mailako espazio egonkor gisa.
  4. Gardentasun-neurrien onarpena, informazioa partekatzeko konpromisoarekin.

Bosgarren puntuan, proiektuaren finantzaketari buruzkoan, ez da adostasunik lortu. Eztabaidaren ondoren, EAJko sei zinegotzien botoek —udal gobernuak duen gehiengo absolutuari esker— EH Bilduk aurkeztutako finantzaketa-proposamena aurrera ateratzea eragotzi dute, eta horrela, proiektua gauzatzeko funtsezkoa den atalean blokeo-egoera mantendu da.

EH Bilduk positiboki baloratzen du proiektuaren oinarrizko lau ardatzetan lortutako adostasuna, aurrerapauso garrantzitsua baita aitortzari, parte-hartzeari eta gardentasunari begira. Aldi berean, udal gobernuaren jarrera deitoratzen du, baliabide ekonomikoak jartzeko erakutsitako borondate ezak Maiztegiko patio inklusiboa errealitate bihurtzeko aukera berriro ere zapuztu duelako.

EH Bilduk irtenbide adostu, bideragarri eta gardena lortzeko lanean jarraituko duela berresten du, Maiztegi Herri Eskolako hezkuntza-komunitateak eta herriak eskatzen duten proiektua aurrera eramateko helburuz.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top