Tenperatura maximoek behera egingo dute ipar-mendebaldeko haizearen ondorioz

EGURALDIA | Igandean eguraldia aldatuz joango da. Goizaldea eta lehen orduak oraindik oso epelak izango dira hego-haizeari esker. Goizean zehar, ordea, hego-haizeak indarra galduko du eta ipar-mendebaldekoari emango dio paso. Eguerdi aldera kostaldean aldatuko da haizea, eta orduak aurrera joan ahala, barnealdera ere iritsiko da. Tenperatura maximoek behera egingo dute, baina oraindik uda sasoikoak izango dira. Igandean zerua lausotuago egongo da: lehen orduetan goi-hodeiak agertuko dira, arratsaldean hodei trinkoagoak sartuko dira eta noizbehinka tantaren bat utz dezakete.