Kantxaren irekiera, food truck eta irakurketa espazioarekin batera, nabarmen hobetuko dute aurtengo udan Ganeko igerilekuen zerbitzua erabiltzaileentzat

AMOREBIETA-ETXANO | Amorebieta-Etxanok herritar ororen gozamenerako instalazioak eta zerbitzuak hobetzearen aldeko apustua egiten jarraitzen du. Horri jarraiki, Ganeko igerilekuak hainbat berrikuntza izango ditu aurtengo uda sasoirako; besteak beste, amaitu dira jada erabilera anitzeko kantxako obrak, erabilgarri dagoen espazioa handituz, eta horrekin batera, aisialdirako aukera berriak ere eskaintzen dira, hala nola food truck-a eta liburuak irakurtzeko gune bat.
Erabilera anitzeko kantxari dagokionez, instalazio honen irekierak nabarmen handitzen du erabiltzaileentzat eskuragarri dagoen espazioa. Udako hilabeteetan, igerileku barrutik soilik erabili ahal izango da kantxa, eta, horrela, espazio eta erosotasun handiagoa eskainiko zaie erabiltzaileei. Modu horretara, beraz, Ganeko igerilekuak erabiltzen ari diren pertsonek bakarrik izango dute sarbidea. Irailetik aurrera, kantxa modu independentean erabili ahal izango da kaletik ere, eta horri esker urte osoan zehar egongo da erabilgarri.
Gainera, sarbide-sistema ere zabaldu egin da kasu honetan. Izan ere, denboraldi honetatik aurrera, kiroldegiko txartelaz gain, erabiltzaileak Nik Patrika app-aren bidez sartu ahal izango dira erabiltzaileak igerilekuetara eta erabilera anitzeko kantxara, aukera erosoagoa eta irisgarriagoa eskainiz.
Aisialdirako eskaintzari dagokionez, aurten, Ganeko igerilekuek food truck bat dute, izozkiak, irabiatuak eta gofreak bezalako produktuak eskaintzen dituena, eta beste berrikuntza gisa, irakurketa gune bat ere badu igerilekuak. Gune honek adin guztientzako liburu sorta bat du, erabiltzaileei udan ere irakurketaz gozatzeko aukera eskainiz.
Hobekuntza horiekin guztiekin, Amorebieta-Etxanoko Udalak herritarren bizi-kalitatearekin duen konpromisoa indartzen du, udan gehien erabiltzen den espazio honetan aisialdirako eta ongizaterako aukera gehiago eskainiz.