Tenperaturak behera egingo du igandetik aurrera, aire masa hotza sartuko baita

EGURALDIA | Udazkena igande honetan, arratsaldeko lauretan, agurtuko da eta neguko eguraldiarekin egingo du. Ostiraleko hodeiek eta larunbateko ostarteek igande hodeitsu bat ekarriko dute, ekaitzak jotzeko eta tenperaturak jaisteko aukerarekin.
Barikua, euria
Gaur hodeiak eta euria nagusi. Fronte hotz batek lurraldea zeharkatuko du eta zerua estalita utziko du. Euria egingo du lurralde osoan, baina sarriago egingo du ipar partean. Haizeak hegoaldetik joko du lehenik, baina goizean zehar ipar-mendebaldera egingo du. Tenperaturak behera egingo du egunak aurrera egin ahala, batez ere Kantauri isurialdean, eta minimoak azken orduetan neurtuko dira.

Zapatua, ostarteak
Larunbatean eguraldiak hobera egingo du. Goizaldean oraindik euria egingo du ipar partean, baina goizean goiz atertzera egingo du. Gainerako orduetan, zerua hodeitsu egongo da, erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak nagusi, eta arratsaldean eta gauean ugaritu egingo dira. Hegoaldeko haizea ibiliko da eta gauean zakartu egingo da. Tenperatura maximoek gora egingo dute, bereziki ipar partean.


