Tenperaturak gora egingo du, igandean 25 gradu gaindituko dira

EGURALDIA | Aste gorabeheratsu eta nahasiaren ondoren, eguraldia udaberriko bihurtuko da berriro orduak igaro ahala. Ostirala oraindik grisa izango da, baina ostarteak gero eta zabalagoak izango dira, eta larunbata eta dominfoa gero eta eguzkitsuagoak eta beroagoak izango dira. Gaur maximoak 18 graduren bueltan geratuko dira, atzo bezala, baina bihar 20tik gora izango dira eta igandean 25etik gora.
Ostirala, atertzera egingo du
Ostiralaren hasieran eguraldiak ildo beretik jarraituko du. Zerua oso hodeitsu egongo da eta euria egingo du, sarriago ipar-ekialdean. Egunaren erdiko orduetan hodeiak gutxituz joango dira eta leku gehienetan atertzera egingo du. Arratsaldearen amaieran zerua hodei gutxirekin geratuko da, behe-hodei hondar batzuekin. Egunaren hasieran haizeak mendebaldetik joko du, kostaldean bizi; arratsaldean iparraldeko haizea ibiliko da, bolada gogorrekin Ebro ibarrean. Tenperatura maximoak gradu pare bat altuagoak izango dira, baina oraindik udazkenekoak. Tenperatura minimoak azken orduetan neurtuko dira, orduan egongo delako zerua garbiago.

Zapatua, eguzkia
Eguzkia jaun eta jabe larunbatean. Egunaren hasieran lainogune batzuk agertuko dira, arratsaldearen amaieran eta gauean goi-hodei batzuk, baina zerua oskarbi edo hodei gutxirekin egongo da orokorrean. Haizea, aldakor hasieran, baina hegoaldekoa nagusi Kantauri isurialdean; arratsaldean haizea iparraldetik geratu eta barnealdean indartu egingo da. Tenperatura maximoek gora egingo dute, batez ere barnealdean, eta udaberrikoak izango dira; minimoak jaitsiko dira berriro eta egunsentian hegoaldeko zenbait lekutan hotza egin dezake.