Ipar-mendebaldeko haize bizia ibiliko da datozen egunetan

EGURALDIA | Ez du zerikusirik joan den asteko eguraldiak eta datozen egunetarako iragarrita dagoenak. Arintze termikoa nabarituko da: maximoak 25 gradu ingurukoak izango dira, zerua hodei askorekin egongo da eta euria egingo du aste osoan zehar.
Astelehena, grisa
Astelehenean eguraldia zeharo aldatuko da eta tenperatura maximoak asko jaitsiko dira. Leku gehienetan balio altuenak 25 ºC azpikoak izango dira, Araba hegoaldean eta Nafarroa erdi eta hegoaldean izan ezik, bertan maximoak 30 ºC ingurukoak izan daitezke. Hodei dezente agertuko dira, batez ere ipar partean, non noizean behin euri pixka bat egingo duen. Arratsalde-gauean zaparradak edo trumoi-ekaitzak izan daitezke, bereziki ekialdean. Ipar-mendebaldeko haizea bizi ibiliko da.
Martitzena, fresko
Asteartean giroa freskoa izango da eta ipar partean zaparrada batzuk botako ditu. Egun osoan hodeiak izango dira nagusi, batez ere Kantauri isurialdean goibelago egongo da. Ipar partean noizean behin zaparrada batzuk izango dira eta zenbait lekutan trumoitsuak izan daitezke. Tenperaturan ez da gorabehera handirik izango, Araba eta Nafarroa hegoaldean zertxobait baxuagoak izango dira. Ipar eta ipar-mendebaldeko haizea bizi ibiliko da.
Asteazkena, hodei ugari
Asteazkenean zaparradekin jarraituko dugu ipar isurialdean eta 23-25 ºC arteko tenperatura maximoekin lurralde osoan. Hodeiak ugariagoak izango dira ipar partean, eta zaparradak egingo ditu; zaparradak egiteko probabilitatea handiagoa izango da kostaldetik hurbil. Hegoaldean hodeitza saretuta egongo da eta ostarteak irekiko dira. Haizeak ipar-mendebaldetik jotzen jarraituko du, bizi samar.