DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

EAJk Durangoko batzokiaren 120. urteurrena ospatuko du

Iñigo Ansolak Durangoko batzokia “Euskadiren bidea argitzen duen itsasargia” bezala aldarrikatu du

Ospakizuna igande honetan izan da

DURANGO | BBBko presidentak batzokiaren 120. urteurrena ospatzeko ekitaldian parte hartu du eta EAJ-PNVren printzipio eta balio historikoak nabarmendu ditu, horiek Durangoko Udal Erakundearen eguneroko jardunean islatzen direla azpimarratuz.

EAJ-PNVren Durangoko Uri Erakundeak gaur ospatu du Durangoko batzokiaren 120. urteurrena, udalerriko eta eskualdeko ehun lagunetik gorako alderdikide eta alderdizale batu dituen ekitaldian. Iñigo Ansola Bizkai Buru Batzarreko presidentea buru izan duen ekitaldian, Ansolak gogorarazi du EAJ-PNVk herrian izan duen ibilbide historikoa eta azpimarratu duenez, “Durangoko batzokia izan da, da eta izango da Euskadiren bidea argitzen duen itsasargia”. BBBren presidenteak hasiera-hasieratik salatu ditu Gazan eta Ukrainan gertatzen ari diren sarraskiak, Bakearen Nazioarteko Eguna ospatzen den honetan. “Nire lehen berbak Gazako edo Ukrainako sarraskia pairatzen dagozan pertsona danei gure alkartasuna adierazteko dira; munduan bidezko bakea lortzeko euskal konpromisoa aurkezten dogu gaur”, adierazi du. Ansolak gogorarazi du orain dela 120 urte inauguratutako batzoki hura erresistentziaren, konpromisoaren eta itxaropenaren sinbolo izan dela garai zailenetan: diktaduraren zapalkuntzatik trantsizio demokratikora arte. “Horregatik, lehen berbak dira argi hori, sugar eta su hori, piztuta mantendu eben eta dozuen danoi, gure esker ona adierazteko… Izan zirelako gara, eta garelako izango dira”, adierazi du.

Ansolak azpimarratu ditu EAJ-PNVk bere historian zehar mantendu eta indartu dituen printzipio eta balioak, eta egun Durangoko Uri Erakundearen jardunean islatzen direnak: humanismoa, elkartasuna, zintzotasuna, euskararen eta euskal kulturaren defentsa, europeismoa, eskubide historikoak, askatasuna eta demokrazia. Halaber, gaineratu du EAJ-PNVren indarra izan dela balio horiek etapa bakoitzera egokitzeko gaitasuna: “Egon behar dugun horretara gaude: udaletan, aldundietan, Eusko Legebiltzarrean, Madrilen eta Europan. Betiere, Euskadiren etorkizuna jokoan dagoen lekuan”.

Era berean, EAJ-PNVren eredua aldarrikatu du politika egiteko modu ezberdin gisa: “EAJ ereduak ez jako lekurik uzten irainari, lur erreari, ezbardin pentsetan dauenarekiko etenbako norgehiagokari. EAJ eredua, positiboa eta eraikitzailea da eta politika publikoei buruz eztabaidatzen du; indarrak batuz Euskadin etxebizitza gehiago eraikitzeko, Osakidetza eta hezkuntza hobetzeko, inbersinoak erakartzeko, energia gehiago ekoizteko eta euskal industria indartzeko. Berba batean, ondoizatean hazteko; persona askez osotutako Euskadi askea eraikitzeko”.

Ekitaldian hainbat agintari izan dira, eta nabarmendu da Iñigo Urkullu Lehendakariaren parte-hartzea. Aldi berean, aukera izan da belaunaldi guztietako jeltzaleei omenaldia egiteko, batzokiaren argia mende eta hogei urtez piztuta mantendu duten horiei. “Gaur, ibilbide luze, gogor eta oparo honetan parte hartu eben alderdikide guztiak gogoratzen, oroitzen eta omentzen doguz. Gaur ospatzen doguz 120 urte, baina batez ere etorkizunarekiko gure konpromisoa berritzen dogu. Durangoko itsasargiak piztuta jarraituko dau, Euskadi hobe baten bidean argi”, amaitu du Ansolak.

 

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top