Bitxigintza, astronomia, pintura eta aromaterapia, mindfulness, makramea eta joskintza bezalako proposamen berriak eskaintzen ditu

DURANGO | Irailaren 8tik, irailaren 12ra bitarte, Durangoko Udalak 2025-2026 ikasturteko udal kultur tailerren izen-emate epea irekiko du. Aurtengo programazioak jarduera finkatuak eta herritarren eskaera eta interesetara egokitutako proposamen berriak uztartzen ditu.
Aurreko ikasturtean harrera bikaina izan zuten lau tailer errepikatuko dira:
- Bitxigintza sortzailea abalorioekin (2025eko urria)
- Etxeko elementuen kustomizazioa: mihise gaineko integrazio teknika (2025eko azaroa)
- Astronomian hastapen tailerra: Ezagutu inguratzen gaituen zerua (2026ko otsaila)
- Sendabelarrak: propietateak eta erabilerak gure inguruan (2026ko apirila)
Horrez gain, lau tailer berri diseinatu dira, kultur eskaintza zabaltzeko eta dibertsifikatzeko helburuarekin, ongizate emozionala, eskuzko sormena eta herritarren parte-hartzea oinarri hartuta:
- Etxeko usainak: Aromaterapia naturala (2025eko abendua)
- Mindfulness egunerokoan (2026ko urtarrila)
- Apainketa makramea: Hasiera (2026ko martxoa)
- Oinarrizko joskintza (2026ko maiatza), 2024ko aurrekontu parte-hartzailean jasotako herritarren proposamena.
Pintura-tailerren eskaintzak ere bere horretan jarraituko du, egungo hiru taldeei eutsiz eta adin desberdinetarako talde berriak gehituz:
- 17:00 – 18:00: Adina: 7 – 9 urte
- 18:00 – 19:00: Adina: 10 – 12 urte
- 19:00 – 20:00: Adina: 13 – 16 urte
- 20:00 – 21:00: Helduak (+16 urte): Talde berri bat
Izen-ematea ONLINE egin daiteke https://www.durango.eus/kultura-tailerrak helbidean, formularioa bete eta erantzunaren zain egon behar izango da. Era berean, modu PRESENTZIALEAN ere egin daiteke Intxaurrondo Gazte eta Kultur Gunean, Laubideta kaleko 6A zenbakian, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara.