Proiektuak azken belaunaldiko LED argiztapena instalatzea aurreikusten du, energia-eraginkortasun handia, iraupen luzeagoa eta ingurumen-inpaktu txikiagoa eskaintzen duena

DURANGO | Udalak Landako etorbideko eta Frai Juan Zumarraga zein Alluitz kaleetako oinezkoen pasabideetako argiztapena eta seinaleztapena hobetzeko lizitazio-prozesua ireki du. Proiektu honen helburua da zirkulazio handiko gune horietan bide-segurtasuna eta oinezkoen ikusgarritasuna areagotzea, hiri-inguruneko irisgarritasuna eta segurtasuna hobetuz.
Proiektuak azken belaunaldiko LED argiztapena instalatzea aurreikusten du, eraginkortasun energetiko handia, iraupen luzeagoa, ingurumen-inpaktu txikiagoa eta ikusgarritasun handiagoa eskaintzen duena. LED argiek argia modu egokian banatzea bermatuko dute, oinezkoen pasabideak behar bezala argiztatuz eta gidariak itsutu gabe. Gainera, zebrabide batzuetan, presentzia-sentsore hautagarriak integratuko dira, argiztapena unean uneko pertsona edo ibilgailu kopuruaren arabera egokitu dadin, eta horrela energia-aurrezpena lortu.
Argiztapena hobetzeaz gain, oinezkoentzako pasabideen seinaleztapen bertikala hobetuko da, eta horrek ikusgarritasuna handituko du argitasun gutxiko baldintzetan. 40 luxeko iluminantzia minimoa ziurtatuko da plano bertikalean, eta oinezkoen eta ibilgailuen norabidean distiraren muga ere beteko da.
Lizitazioaren aurrekontua 165.020,63 eurokoa da, eta lanak gauzatzeko epea bost hilabetekoa izango da.
Parte hartzeko eskaintzak edo eskaerak aurkezteko epea uztailaren 7an amaituko da. Interesa duten enpresek beren proposamenak Durangoko Udalaren lizitazio-plataforma ofizialaren bidez aurkeztu ahal izango dituzte.