DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Durangok dirulaguntza-lerro berria abiarazi du tokiko komunitate energetikoentzako

Jarduera ekonomikorik gabeko pertsonek osatutako elkarteek eta komunitate energetikoek eska dezakete laguntza hau, urriaren 10era bitarte

Laguntzak urriaren 10ra arte eskatu ahal izango dira

DURANGO | Durangoko Udalak autokontsumo kolektiboko erregimenean komunitate energetikoen eraketa eta garapena sustatzeko diru-laguntzen deialdia abiatu du. Jarduera hori 2025-2027 Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren eta 2022-2050 Energia eta Klima Planaren baitan dago, neutraltasun klimatikorantz aurrera egiteko, berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko eta udalerrian energia berriztagarrien erabilera handitzeko.

Deialdia, 76.918 eurokoa, bi laguntza-lerrotan banatuta dago: batetik, informazio-, aholkularitza- eta dinamizazio-jardueretarako; eta bestetik, instalazio fotovoltaiko kolektiboetarako bideragarritasun-azterlanak eta proiektu teknikoak egiteko. Laguntza horiek diruz lagundu daitekeen gastuaren %80raino estaliko dute, gehienez 50.000 euro lehenengo kontzepturako eta 26.918 euro bigarrenerako.

Laguntzak jarduera ekonomikorik gabeko pertsonek edo erakundeek osatutako elkarteek eta komunitate energetikoek eskuratu ahal izango dituzte, baldin eta egoitza fiskala eta soziala Durangon badute. Jarduketak udalerriko lurzoruaren barruan egin beharko dira eta bertako kideen autokontsumorako izango dira soilik. Ez dira diruz lagungarriak izango gastu finantzarioak, zergak, mantentze-gastuak edo helburu energetikoekin zuzenean lotuta ez dauden gastuak.

Prozedura lehia bidezkoa izango da, eta besteak beste, proiektuaren kalitate teknikoa, bideragarritasuna, euskararen erabilera, kolektibo kalteberen parte-hartzea, genero-berdintasuna eta tokiko baliabideen aprobetxamendua baloratuko dira. Laguntza eskuratzeko, 100 puntutik gutxienez 50 puntu lortu beharko dira.

Eskaerak 2025eko urriaren 10era bitarte aurkeztu ahal izango dira udalaren egoitza elektronikoaren bidez (https://egoitza-sede.durango.eus), aurrez aurre (pertsona fisikoen kasuan) edo legez aurreikusitako bideen bitartez. Erakunde bakoitzak eskaera bakarra aurkeztu ahal izango du, nahiz eta 2024an eta 2025ean sortutako komunitateek bi kontzeptuetarako laguntzak batera eska ditzaketen. Akatsen bat egonez gero, 10 egun balioduneko epea izango da zuzenketak egiteko.

Behin laguntza emanda, erakundeek proiektuaren gauzatzea justifikatu beharko dute dokumentazio tekniko eta ekonomikoaren bidez, instalazioa gutxienez bost urtez mantendu beharko dute eta Udalari urteko datu estatistikoak bidali beharko dizkiote. Laguntzari uko egiteko edo hasierako baldintzak aldatzen badira, ebazpena aldatzeko eskaera aurkezteko aukera aurreikusten da. Prozeduraren kontrola eta ebaluazioa udaleko langile teknikarien esku egongo da, eta ebazpena Lurralde Arloko zinegotzi ordezkariak emango du.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top