Atxikimenduak Udalari konpromisoa ezartzen dio bi urteko epean Klima eta Energiaren Tokiko Plana osatzeko, emisioak murrizteko, klima-aldaketara egokitzeko

Itun hau Europako Batzordeak bultzatzen du

DURANGO | Udalak Klima eta Energiarako Alkateen Itunarekin bat egin du ofizialki, klima-aldaketaren aurkako borrokan eta energia garbi, seguru eta iraunkorra sustatzeko konpromisoa hartzen duten tokiko gobernuen mundu mailako mugimendu handienarekin bat eginez.

Itun hau Europako Batzordeak bultzatzen du eta, Euskadin, EUDELek eta Eusko Jaurlaritzak babesten dute. Helburua Europa bidezkoago eta klimaren aldetik neutroago bat lortzea da, tokiko ekintza giltzarri bihurtuz erronka globalak modu eraginkorrean lantzeko.

Atxikimendu honekin, Durangoko Udalak borondatezko konpromisoa hartzen du politika zehatzak garatu eta aplikatzeko, helburu argi hauekin: berotegi-efektuko gasen emisioak murriztea, udalerriaren erresilientzia indartzea klima-aldaketaren ondorioen aurrean, eta pobrezia energetikoaren aurka egitea. Konpromiso horiek guztiak jasoko dira Klima eta Energiaren Tokiko Planean, eta bi urteko epean onartu beharko da.

Plan hau udalerrirako tresna estrategikoa izango da, Durangoren errealitateari egokitutako ekintza zehatzak definitzeko balioko duena. Gainera, 2050. urterako neutraltasun klimatikoa lortzera bideratuta egongo da, betiere trantsizio bidezko, integratzaile eta ingurumen-baliabideekiko errespetuzko baten bidez.

Bestalde, atxikimenduari esker, Durango Europako hiri-sare aktibo baten parte bihurtuko da, eta horrek aukera emango dio tresna teknikoetara, prestakuntza-programetara eta finantzaketa-iturrietara sartzeko, baita beste udalerri batzuekin esperientziak partekatzeko ere.

Era berean, Udalak Ihobe, Udalsarea 2030 eta Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) laguntza tekniko espezializatuarekin kontatuko du. Hori funtsezkoa izango da bai plana osatzeko, bai klima-aldaketaren aurkako neurriak ezartzeko garaian.

Testuinguru esanguratsu batean kokatzen da urrats hau, izan ere, aurten hamar urte betetzen dira Parisko Akordioa sinatu zenetik. Hori nazioarteko mugarri bat izan da klima-politiketan, eta urteurrena ospatzeko, Eusko Jaurlaritzak eta EUDELek ASTEKLIMA – Euskadiko Klima eta Energiaren Astearen baitan aitortza-ekitaldi bat antolatzea aurreikusi dute, Itunarekin bat egin duten euskal udalerri guztientzat.

Azkenik, Durangoko Udalak argi adierazi du pertsona guztiak erdigunean jarriko dituen trantsizio klimatiko eta energetiko baten aldeko apustua egingo duela. Horretarako, herritarren, hezkuntza-zentroen, gizarte-eragileen eta tokiko enpresen inplikazio aktiboa sustatuko da, guztion artean udalerri bidezkoago, iraunkorrago eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko prest dagoen bat eraikitzeko.