EDONOLAk linfoma duten eta immuno-kimioterapia jasotzen duten pertsonengan ariketa fisikoak dituen onurak neurtuko ditu

DURANGO | Osasun Sailak, Biobizkaia, Biogipuzkoa eta Bioaraba Osasun Ikerketa Institutuen bitartez, linfoma duten pazienteen ariketa fisikoaren onurak neurtzeko saiakuntza berri bat jarri du abian. EDONOLA ikerketa-proiektuan immuno-kimioterapiako tratamendu aktiboan dauden 180 pertsonak hartuko dute parte eta baita Durangoko Udalak, herriko udal kirol-instalazioak lagako dituelako ariketa fisikoko programa berritzailea gauzatu ahal izateko.
“Linfoma tumore prebalenteen artean bosgarrena da eta, zorionez, paziente asko sendatzen ditugu, baina argi dago jasotzen duten tratamenduaren ondorioz narriadura funtzionala eta bizi-kalitatean eragina dutela. Beraz, azterketa hau oso baliagarria da ikusteko zer eragin duen ariketa fisikoak linfoma duten eta immuno-kimioterapiako tratamendu intentsiboak jasotzen dituzten pazienteengan “, aurreratu du Izaskun Zeberio doktore eta ikertzaileak aurkezpen ekitaldian.
Prentsaurrekoan, Mireia Elkoroiribe alkateak; Iñaki Gutiérrez Osasun Saileko Ikerketa, Berrikuntza eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariak eta Izaskun Zeberio, Sara Maldonado eta Garazi Letamendi ikertzaileek proiektuaren nondik norakoen berri eman zuten, pertsona horien bizi-kalitatea hobetzeko tratamendu eraginkorra ematea helburu duena.
Linfomak 5. postuan daude gure ingurunean ohikoenak diren minbizi moten artean. Zehazki, ez Hodgkin linfomak hautemandako guztien % 90 dira, hau da, urtean 15-19 kasu 100.000 biztanleko, eta zifra hori handituz doa azken hamarkadetan.
Immuno-kimioterapian oinarritutako linfoma duten pertsonen egungo tratamenduek erantzun-tasa handia eta biziraupen handia lortzen dute, baina ez daude toxikotasunetik salbuetsita, eta eragin handia izan dezakete bihotz-biriketako gaitasunean, gorputz-konposizioaren alterazioetan, nekean, depresioan eta pazienteen bizi-kalitatea murriztean. Hainbat ikerketak frogatu dute ariketa fisikoak, alde batetik, on egiten duela pertsona osasuntsuen immunitate-sisteman, eta, bestetik, beste minbizi mota batzuk dituzten pazienteen osasun-emaitzak hobetzen dituela.

Horregatik, EDONOLA azterketaren helburua da tratamendu aktiboan linfoma duten pertsonengan ariketa fisiko konbinatuko programa batek (indarra eta entrenamendu aerobikoa) duen eragina diseinatzea eta ebaluatzea, bihotz-biriketako gaitasuna, muskulu-indarra, egoera psikologikoa, bizi-kalitatea, biomarkatzaileak eta sistema immunea neurtuz. Proiektuak arreta berezia jartzen du 70 urtetik gorako pazienteengan, eta estrategia berri zehatzagoen garapenean aurrera egiten saiatzen da.
Programan parte hartzeko aukera Osakidetzako Donostiako Unibertsitate Ospitaleko, Arabako Unibertsitate Ospitaleko eta Galdakaoko Unibertsitate Ospitaleko hematologiako kontsultetan bertan eskainiko zaie pazienteei, eta hautatutako pertsonek gutxieneko egoera fisiko basala izan beharko dute eta irizpide zehatzak bete beharko dituzte.
Ariketa fisiko gidatua
Programan zehar, une oro profesionalek gidatuko dituzte pazienteak, eta ariketaren intentsitatea pazientearen egoerara eta gaixotasunaren fasera egokituko dute. Balorazio fisikoak, funtzionalak eta fisiologikoak, baita ariketa fisikoaren programa ere, UPV/EHUko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan graduatutako kirol-hezitzaile fisikoek zuzenduko dute.
Ariketa fisikoaren programaren esku-hartzea Onkologikoan (Donostia), Jarduera Fisikoa eta Osasuna Ikerketa Zentroan (Vitoria-Gasteizko Udala), Durangoko Udaleko kirol-instalazioetan eta Bilboko Harrobia Lanbide Heziketako Zentro Integratuan egingo da.
Aipatzekoa da udalen lankidetzaren garrantzia komunitatearen osasuna eta ongizatea sustatzen duten ikerketa-ekimenetan, kasu honetan, jarduera fisikoa sustatuz eta osasun publikoa hobetuz. Durangoko Udala ziur dago azterketaren emaitzak oso positiboak izango direla, eta hala, ariketa fisikoa udalerriko biztanleen ongizate orokorrerako funtsezkoa dela dioen ikuspegia indartuko dute.