Tenperaturak gradu batzuk behera egingo du, maximoak 25 inguruan geratuko dira

EGURALDIA | Eguraldi nahasia datozen egunetarako. Ostirala grisa izango da eta euria egingo du; larunbat eta igandean, berriz, ostarteak zabalduko dira, tantarik baztertu gabe. Tenperaturak azken egunotan baino baxuagoak izango dira, ostegun honetako 32tik hurrengo egunetako 25era jaitsiko baitira.
Ostirala, hodeitsu
Gaur, ostirala, tenperatura jaitsi egingo da eta hodeiak ugaritu egingo dira. Egunaren lehen zatian eta ipar partean hodei dezente agertuko dira eta euri pixka bat egingo du. Arratsaldean ostarte batzuk ireki daitezke, dena dela mendebaldean baliteke goibel egotea egun guztian. Araba hegoaldean eta Nafarroa erdi eta hegoaldean eguna eguzkitsuagoa izango da, goizean hodeien tarte batzuekin. Tenperatuak behera egingo du, batez ere barnealdean. Ipar-mendebaldeko eta iparraldeko haizea ibiliko da. Egunaren amaieran zenbait lekutan zaparrada trumoitsu batzuk bota ditzake, bereziki ekialdean.

Zapatua, argiagoa
Larunbatean ipar partean arratsaldean giroa argiagoa izango da, hegoaldean eguzkitsua. Egunaren lehen zatian Kantauri isurialdean oraindik hodeiak agertuko dira eta batez ere kostaldetik hurbil noizean behin zaparradak izan daitezke. Arratsaldeak aurrera egin ahala hodeiak gutxitu eta ostarte oso zabalak agertuko dira. Gainerakoan eguzkitsu egongo da. Iparraldeko haizea ibiliko da eta tenperatura gradu pare bat igoko da.