Fagorreko jasangarritasun arduraduna, Otxandioko alkate izan zen 2003 eta 2011 artean, Pello Otxandiano EH Bilduko legebiltzarkidearen anaiaz gain.

OTXANDIO | Aritz Otxandiano Fagor Taldearen Jasangarritasun arduradunaren etxearen kontra bengalak jaurti zituzten astearte goizaldean, berak Bluesky sare sozialean duen profilean salatu duenez. Zorionez, erasoan ez da inor zauritu eta ez da kalte larririk izan, horren esanetan.
Pello Otxandiano EH Bilduren Legebiltzarreko bozeramailearen anaia ere bada Aritz. Azaldu duenez, 01:00 aldera, 7-10 pertsonako talde batek bi bengala jaurti zituen etxearen kontra, eta bi autotan ihes egin zuten.
Otxandianok berriztagarrien eztabaidarekin lotu du erasoa, eta salatu du aurretik ere “mehatxuak eta pintadak” egin izan dizkiotela. Nolanahi ere, “familiaren aurka modu horretara eraso egiteak muga guztiak” zeharkatzea dela kritikatu du.
Azpimarratu duenez, gai horri buruz duen jarrerari eutsi dio, “konbikzio osoz”, erantsi du. Horren ustez, “Trumpen kapitalismo fosilaren aurrean, eskala guztietako berriztagarrien hedapen justu eta ordenatua oinarri duen eraldaketa ekosoziala da alternatiba”.
Bart gauen gure etxearen aurka 2 bengala jaurti dituzte. Testiguen arabera 7-10 lagun izan ziren, eta 2 kotxe ezberdinetan ihes egin zuten. Ez da ezer larririk gertatu, baina gerta zitekeen.
— Aritz Otxandiano (@aritzotxandiano.bsky.social) 23 de abril de 2025, 20:21