DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Abadiñok Gerediaga eta Laubideta lotzen dituen N-634 errepideko zubia itxi du

Istripurik ez gertatzeko hartu du erabakia Udalak, eta Bizkaiko Foru Aldundiari bilera eskatu zaio egoera bideratzeko

Zubia ixteko erabakia hartu behar izan du Abadiñok

ABADIÑO | Abadiñoko udalak N-634 errepideko zubiaren egoera pertsonentzako arriskutsua zela ondorioztatuta, eskaera ofiziala bidali zion urtarrilean zubiaren jabe den Bizkaiko Foru Aldundiari konponketak lanak has zitzan. Bertan, udal aparejadorearen txosten teknikoa helarazi zion zubiaren egoera kaskarraren eraskusle.

Martxoan Aldundiaren erantzuna jaso zuen udalak konpontze-lanak ekainean hasiko zirela azalduz, baina uztaila amaitzen ari den honetan eta abuztuaren 2an Gerediagako San Salbadore jaiak gainean ditugularik, obrak hasi gabe daude oraindik. Gainera, zubiaren egoera urtarrilekoa baina okerragoa da gaur egun.

Gauzak horrela, udalak N-634 errepideko zubia ixteko erabakia hartu behar izan du. Abadiñoko udal gobernuaren iritziz, “lehentasuna herritarren segurtasuna bermatzea da, jakinik herritarrentzat erabaki honek eragozpenak sortuko dituela”.

Egoera bideratzeko premiazko bilera eskatuko dio udalak Aldundiari, “hilabete asko pasatzen ari dira eta eskumena eta segurtasuna bermatzeko derrigortasuna Aldundiarena izan arren, ez dira gaia erantzunkizunez jorratzen ari. Kontuan izan behar dugu zubi hori Gerediagarako joan-etorriak egiteko zubi irisgarri bakarra dela, eta erabiltzaileentzat eragozpena handia suposatzen duela”.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top