DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Abadiñok eta EHUk Atxarteko harrobiaren ingurumenaren berreskurapena bultzatu dute

Abadiñoko Udalak eta EHUk plan berezi bat landuko dute elkarlanean Atxarteko harrobia berreskuratzeko

Zehazki, 1971n hasi ziren harrobia ustiatzen, eta 1996ra arte egon ziren han

ABADIÑO | Abadiñoko Udalak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) lankidetza-prozesu bat aurkeztu dute gaur goizean, elkarlanean, Atxarteko harrobiaren ingurunea berreskuratzeko aurreproiektu bat garatzeko asmoz.

Zehazki, 1971n hasi ziren harrobia ustiatzen, eta 1996ra arte egon ziren han. Jarduera eten zuten, baina harrobian utzi zituzten urte horietan guztietan erabilitako egiturak eta ibilgailuak. Tartean, hormigoizko egiturak, makinaria edota zementu biltegiak. 2016an, gainera, petrolio-isuri bat Atxarte errekaraino iritsi zen, eta herritarren artean kezka areagotu zen. Mikel Urrutia egungo alkateak orduan eskatu zuen kalte handiagoak ekiditeko neurriak hartu behar zirela.
Abadiñoko Udalaren arabera, beharrezkoa da ingurunearen azterketa teknikoa, juridikoa eta ekonomikoa egitea aukeren bideragarritasuna ikusi ahal izateko. Lanketa horrek duen dimentsioagatik, baina, Udalak beharrezko ikusi du bestelako erakunde batzuekin harremanetan jartzea.

Abiapuntu gisa, EHUrekin aurreproiektu bat garatuko du Atxarteko harrobiaren ingurunea berreskuratzeko asmoz. Elkarlanean aurrera eramango duten lankidetza prozesuaren lehen urratsa izango da hori. Horrekin batera, proiektu integral bat garatzea da asmoa, beti ere, inguruko eragileen zein herritarren ikuspuntuak aintzat hartuta.

Guztira, Udalak, 40.000 euro bideratuko ditu proiektura 2025 eta 2026 urteen artean, eta Udaleko langileen laguntza teknikoa zein beharrezkoak diren espazioak eskainiko  ditu. Bere aldetik, EHUren Ekopol ikerketa-taldeak, baliabide teknikoak zein langileak jarriko ditu: irakasle bat eta irakasle titular bat (400 orduko dedikazioarekin), hiru irakasle laguntzaile (900 ordu, guztira), bi bekadun (220 ordura) eta ikertzaile bat jardunaldi erdira, besteak beste.

“Udalaren eta EHUren arteko lan-hitzarmen honekin, urrats garrantzitsua egiten ari gara balio natural eta sinboliko handia duen ingurune bat berreskuratzeko. Herritarren parte-hartzea sustatzen duen lankidetza- eta gardentasun-eredu baten alde egingo dugu”, adierazi du Mikel Urrutia alkateak.
Ikuspegi integrala duen proiektua Ekopol taldeak izango du aurreproiektua diseinatzeko ardura, eta, bertan, proposamen teknikoak eta aukera bakoitzaren balorazio ekonomikoa jasoko dira. Horrez gainera, prozesuaren informazio eguneratua bilduko duen webgune bat ere jarriko dute martxan, eta herritarren artean galdetegi bat zabalduko dute. 2018tik, EHUko ikerketataldea da Ekopol, eta ingurumen-jasangarritasuna, ekonomia zirkularra, justizia sozial eta ekologikoa edo herritarren parte-hartzea bezalako gaiak lantzen ditu.

Aurreproiektuak harrobian dauden egiturak sistematikoki inbentariatuko ditu, etorkizuneko erabileraren arabera birziklatu edo berrerabil daitezkeen aztertzeko.

Beharrezkoak ez direnak modu jasangarrian kenduko edo kudeatuko dituzte. Gaur egungo egoera administratiboa kontuan hartuta, paisaia eta ingurumenaren berreskurapena arautuko duen plan berezi bat egitea aztertuko da. Halaber, lurzoruen deskutsatzea, motordun ibilgailuentzako sarbide ez-motorizatu bat ezartzea, interpretazio-zentro bat sortzearen bideragarritasuna edo ingurunea Euskal Autonomia Erkidegoko Korridore Ekologikoen Sarean integratzeko aukera baloratuko dira.
Era berean, egoera geologikoa aztertzeko ikerketa geotekniko bat egitea aurreikusten da, baita energia emateko eskala txikiko energia berriztagarriak sortzea ere. Turismo jasangarriari lotutako erabilerak aztertuko dira, hala nola soinu naturalaren akustika aprobetxatuz, auditorio txiki bat egitea.
Udalak onartu duen plan bat garatuta izateak, beste erakunde batzuen atxikimendua erraztu  dezakeela uste dute, eta, era berean, funtsezkoa izan daiteke EuroparBatasuneko, Espainiako, autonomia-erkidegoko edo Bizkaiko Foru Aldundiko funtsak lortzeko.

Mahai ingurua

Proiektuaren alde teknikoaz gainera, hainbat jarduera parte-hartzaile egiteko asmoa dute. Besteak beste, tailerrak, Atxarteren historia ezagutzen duten herritarrekin elkarrizketak, erakusketak, maketak eta herritarren ekarpenak jasotzeko prozesu ireki bat.
Horien artean lehenengoa ekainaren 25ean egingo dute, 19:00etan, Txanporta Kultur Etxean. Halako espazioen berreskurapenean aditu diren hainbat kidek parte hartuko dute, eta bizipenak eta hausnarketak elkarbanatzeko baliatuko dute topaketa.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top