Asteazkeneko bilera 18:00etan izango da Errota Kultur Etxean
ABADIÑO | Datorren asteazkenean, irailak 25, Abadiñoko Udalak mugikortasunari eta aparkalekuei buruzko bilera irekia antolatuko du Traña-Matienan. Udalak, udaberritik, lankidetzan dihardu sektorean espezializatutako enpresa batekin, eta, mugikortasun-batzordean aurkeztu eta ekarpenak jaso ondoren, hausnartu eta neurri zehatzen proposamen bat osatu nahi du herritarrekin.
Asteazkeneko bilera 18:00etan izango da Errota Kultur Etxean. Bileran, Udalak hainbat proiektu eta jarduketa proposamen jarriko ditu mahai gainean, eta hauek izango dira jorratuko diren gaiak: aparkalekuaren arazoari aurre egiteko plaza berriak sortzea eta Traña-Matienako egoiliarren eremuak zehaztea; eta bidegorriari dagokionez, Astolatik datorren bidea
Trañabarren kalea, eta Traña-Matiena eta Durango arteko lotura, Pordonde bide zaharretik.
Proiektu nagusietako bat
Traña-Matienako mugikortasuna hobetzea da gobernu-taldearen helburu nagusietako bat. “Auzotarrek planteatzen duten arazo nagusietako bat aparkaleku falta da, eta hori konpontzeko prestatu dugun proposamena osatu ondoren, datozen hilabeteetan irtenbide horiek martxan jartzea izango da gure erronketako bat”, azaldu du Mikel Urrutia alkateak.