Horien artean, 77 dira bide nagusiak eta 21 bigarren mailakoak

ABADIÑO | Bi urteko lanaren ostean, bide publikoen inbentarioa onartu zuten asteartean Abadiñoko Osoko Bilkuran. 98 bide kontatu dituzte guztira: 77 bide nagusi eta bigarren mailako 21. Gorriz markatu dituzte bide nagusiak, eta, horiz, berriz, bigarren mailako bideak.
Prozesu horretan, udalerriko bide publikoei buruzko azterlan teknikoa eta tokiantokikoa egin du Udalak, Sendo SL ingeniaritza-enpresaren eskutik. Hala ere, auzokideen parte hartzeari ere garrantzia eman diote: bi urte hauetan, informazio saioak, kontsultak, alegazioak eta banakako bilerak egin dituzte, besteak beste.
Rafa Bilbao Jaio Landa auzoetako eta mendietako zinegotziaren hitzetan, aurrerapauso garrantzitsua da bide publikoen inbentarioa eguneratuta izatea: “Landa bideak, batzuetan, gatazka-iturri izaten dira, eta, inbentario hau erreferentziazko dokumentua izango da aurrerantzean. Bide publikoak zeintzuk diren argituko du, eta, horrek, egoerak hobeto kudeatzen lagunduko digu. Segurtasun juridikoa eta gardentasuna emango dizkigu erreminta honek”.