DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Zornotzako Lauaxeta ikastolak Señeak Bizkaia Rock Kanpusa hartuko du

14 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta apirilaren 21etik 26ra izango da

Señeak Bizkaia Rock Kanpusa Lauaxetan burutuko da.

AMOREBIETA-ETXANO | Bizkaiko gazte musikarien talentua bultzatzeko helburuarekin jaio da Señeak Bizkaia Rock Kanpusa. Bizkaiko Foru Aldundiak Gatibu taldeko kideak diren Alex Sardui eta Ekain Alzolarekin bat egin du musika ikasle gazteei esperientzia paregabea eskaintzeko Pasku Astean. Bost gau eta sei eguneko egonaldia izango da, Zornotzako Lauaxeta ikastolan egingo dena. Aste horretan zehar euskal artista ezagunekin ikasiko dute gazteak, erreferenteen zuzeneko prestakuntza jasoko dute.

“Musikaren bidez gazteen garapen integrala sustatzea da gure helburua. Tresnak ematea, sormena, talentua, trebetasun sozialak, talde-lana eta pentsamendu kritikoa sustatzeko. Euskara komunikazio- hizkuntza gisa erabiliz hizkuntza-identitatearen alde egitea, eta bide batez, elkarbizitzan ikasteko bidea eskaintzea, giro dinamiko eta aberasgarri baten” azaldu du Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak.

“Musika munduan bizi garenok egunero ikusten dugu gazteen artean harrobia dagoela, baina ibilbide formaletatik kanpo profesionalki hazteko eta ikasteko aukera gutxi daude. Horregatik, Señeak bezalako bide berriak egitea ezinbestekoa dela uste dugu. Gazteei euren talentuaz gozatzea eta esperientziadun artisten eskutik ikastearen aukera paregabea eskaintzea” azaldu du Alex Sardui abeslariak.

Bestalde, Aitor Pagaldai Lauaxeta ikastolako zuzendariak gaineratu duenez “Lauaxeta ikastolarenzat Señeak Bizkaia Rock kanpuseko parte izatea guztiz bat dator ikastolaren hezkuntza helburuekin. Bizkaiko nerabeentzako kultura, musika, kalitatezko aisia eta taldea lana uztartzen dituen kanpusa ekimen bikaina dela uste dugu eta gazteek behar dituzten kalitatezko aisi aukerekin bat datorrena.”

Señeak Bizkaia Rock Kanpusa Lauaxeta ikastolan izango da apirilaren 21etik 26ra, Pazko Astean. Hautatuak izan direnek klase pertsonalizatuak jasoko dituzte lehen mailako euskal artisten eskutik, eta beren ikaskideekin musika estiloak praktikatzeko eta fusionatzeko aukera ere izango dute.

Izen emateak

Deialdia musika ikasketak edo musikarako trebetasuna duen edozein gazte bizkaitarrari zabalik dago, eta izena emateak www.seneak.eus webgunearen bidez egin ahal dira gaurtik martxoaren 25era arte. Minutu gutxiko bideo bi bidali beharko dituzte gazteek euren burua aurkeztuz eta talentua erakutsiz. Ondoren, artista ezagunez osatutako epai-mahaiak 20 gazte aukeratuko ditu.

Ordutegia 9:00etatik 18:00etara izango da; goizez klase instrumentalak eta teorikoekin, eta arratsaldez talde-entseguak, jolas-jarduerak eta arte-sorkuntzako tailerrekin.

Egonaldia zati bitan banatuta egongo da; eguneko lehen partean ikasteari ekingo diote (teoria musikala, praktika instrumentala, sorkuntza artistikoa…) eta arratsaldetik aurrera aisialdiko ekintzak egingo dituzte (irteerak, kirol ekimenak, taldelaneko proiektuak).

Ikaskuntza musikala euskal sortzaile eta musikari ezagunen eskutik jasoko dute, eta artisten bisitak ere izango dituzte. Arratsaldeko aisialdi eskaintza, berriz, Lauaxeta ikastolako begiraleen eskutik izango da, esperientzia handikoak zerbitzu hauek eskaintzen.

Kanpusaren azken egunean, larunbatean, partaideek doako kontzertua eskainiko dute Zornotza Aretoan. Bertan, ikasitako guztia erakutsiko dute ikusleen aurrean. Esperientzia paregabea nerabeentzat, euren irakasleekin eta erreferenteekin batera jotzeko aukera izatea.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top