Ekitaldia, ZUOK programaren baitan jasoa, urriaren 18an egingo da Zelaieta Zentroan, eta proposamen berritzaileenak 1.000 euroko saria jasoko du

AMOREBIETA-ETXANO | Datorren urriaren 18an, Zelaieta Zentroa gazteen sormenerako gune bihurtuko da, Amorebieta-Etxanoko Udalak ZUOK proiektuaren baitan antolatutako Hackathoi jarduerarekin. Jardunaldia 11:00etatik 22:00etara egingo da, eta helburua da gazteentzako informazio digitaleko bulego bat diseinatzea; bulego digitala, iaz gazteek ZUOK programaren baitan egin eta eskatu zuten proposamena da.
Hackathoia herriko gazteek beraien behar eta interesetara egokitutako zerbitzu digital berria diseinatzeko prozesuan aktiboki parte hartzeko aukera berri gisa aurkezten da. Jardunaldian zehar, herriko gazteek Amorebieta-Etxanon dauden jarduera, baliabide eta aukerei buruzko informazioa modu errazean eskuratzeko informazio-bulego digital baten proposamena sortu eta garatu beharko dute.
5 eta 10 pertsona arteko taldeek elkarrekin lan egingo dute egun osoan zehar, eta komunikazio-tresnei eta MockUp-en (maketa digitalen) sorrerari buruzko prestakuntza jasoko dute. Jardunaldiaren amaieran, talde bakoitzak bere proiektua aurkeztuko dio epaimahaiari, eta proposamen berritzaileenak 1.000 euroko saria jasoko du.
“Hackathoiaren bidez, Amorebieta-Etxanoko gazteei beren ideiak adierazteko, kezkak partekatzeko eta euren beharrei erantzungo dieten irtenbideak diseinatzeko espazioak eskaintzen jarraitu nahi dugu. Eta hori elkarrekin egin nahi dugu, orain arte bezala, Arkalaz”, adierazi du Ainhoa Salterain alkateak.
Nola parte hartu
Hackathoirako izen-ematea zabalik dago, baina plazak mugatuak dira. Interesa duten 18 eta 30 urte bitarteko gazteek banaka edo 5-10 laguneko taldeetan eman dezakete izena, urriaren 15a baino lehen.
Plaza kopurua baino eskari gehiago badaude, aukeraketa egingo da, eta emaitza urriaren 16an jakinaraziko da.
Udalak bultzatutako ZUOK programaren helburua da Amorebieta-Etxanoko programen eta zerbitzuen sorreran, gazte zornotzarrei ahotsa ematea, herriaren garapenean eta hobekuntzan laguntzeko. Arkalaz estrategiaren baitan, ZUOKek 18 eta 30 urte bitarteko gazteei hainbat jarduera eta saiotan parte hartzeko aukera eskaini die, aisialdia, prestakuntza, emantzipazioa eta enplegua bezalako gaiak jorratuz.
Orain arte, parte-hartzaileek proiektu zehatzak proposatu dituzte, hala nola kalistenia-parke bat sortzea eta gazteentzako bulegoa hobetzea — biak jada martxan daudenak. Horrelako ekimenen bidez, Udalak gazteen parte-hartze aktiboa sustatzeko eta euren inguruan eragina duten erabakietan protagonismoa emateko konpromisoa berresten du.