Laura Rodríguez durangarrak ibilbide historiko eta sentsoriala proposatzen du

DURANGO | Ikusezina baina ahaztezina izeneko erakusketa hartuko du uda honetan Arte eta Historia Museoak. Proposamen kultural berezi honek XIX. mendearen amaieratik XX. mendeko 90eko hamarkadara arteko lurrinaren eta kosmetikaren historiari buruzko ibilbide sentsorial eta emozional paregabea eskaintzen die herritarrei. Erakusketa bihar inauguratuko da, uztailaren 24an, osteguna, 18:00etan, Durangoko Arte eta Historia Museoan, eta iraila amaiera bitarte egongo da zabalik.
Erakusketan Durangoko Laura Rodriguez bildumazalearen bilduma pertsonalaren parte diren lurrin-flaskoak, hauts-kutxatilak, ezpainetakoak eta bestelako kosmetikoak jarriko dira ikusgai. Pieza hauek guztiak garaiko joerak eta iruditeria soziala islatzen dituzten denboraren kapsulak dira, memoriaz, estetikaz eta balio historikoz beteta.
Bilduma honen abiapuntua opari hunkigarri bat izan zen: bere aitak, Armandok, haurtzaroan oparitutako lehen lurrin-flaskoa. Haren omenez hartu du erakusketak gaztelaniazko izenburua: Armando la Historia del Perfume.
Erakusketa hainbat bloke kronologikotan banatuta dago eta, horien bidez, ikus daiteke nola aldatu diren edertasunaren estetika, kultura eta gizarte-balioak urteek aurrera egin ahala.
Inaugurazio-ekitaldian Khantoria musika-taldearen emanaldia izango da, esperientziari dimentsio artistiko eta sentsorial berezia emanez.
Gainera, erakusketa honen esparruan, bi usaimen dastaketa programatu dira talde txikientzat, eta, beraz, aldez aurretik izena eman beharko da www.durangomuseoa.eus webgunean edo 946 03 00 20 telefonora deituta.
Irailaren 10ean, asteazkena – 18:00etatik 19:30era
- “Belle Époque-etik Art Decó-ra: Hizkuntza lurrinduaren jatorriak (1890–1940)”
Irailaren 17an, asteazkena – 18:00etatik 19:30era
- “Glamourretik nostalgiara: Lurrina XX. mendeko ispilu gisa (1940–1990)”
Durangoko Udalak herritarrak gonbidatzen ditu erakusketa ikustera, eta lurrinaren artearen bidez estetikari, oroitzapenei eta nortasunari buruz hausnartzera.