DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Podemosek Pulla-Azkarretako planaren inguruan gardentasun falta salatu du

“Alegazioetarako epea opor garaietan jartzen dute, gaia ahalik eta isilenean pasatu dadin eta herritarren artean ahalik eta zalapartarik txikiena sortu dezan”

Alegazioak aurkezteko 45 egun daude soilik ARGAZKIA: SPRI LUR

ELORRIO | Podemos Elorrioko udal bozeramaile Joseba Andoni Fernandezek Udal Gobernu Batzarrak Pulla-Azkarreta industrialdearen hasierako plan partzialaren onarpenari buruzko puntua atzeratzea edo osoko bilkurara eramatea eskatu zuen batzarra ospatu baino lehen. Eskaera honen atzean hiru arrazoi nagusi zeuden: proiektuaren garrantzi estrategikoa udalerriaren garapen urbanistikorako, “tratamendu politiko zabalago eta parte-hartzaileagoa” eskatzen duena; izapideak opor garaiarekin bat etortzea, horrek “herritarren informazio- eta alegazio-eskubideetan eragin dezakeelako, gardentasuna eta prozeduraren zilegitasuna arriskuan jarriz”; eta, azkenik, “Udalbatzak gai honen berri izan, eztabaidatu eta, hala badagokio, iritzia eman ahal izatea komenigarria delako, nahiz eta eskumen formala Udal Gobernu Batzarrarena izan”. Horrela azaldu du Fernandezek.

Hala ere, eskaera hori baztertu egin zuten EH Bilduk eta EAJk, eta, beraz, plan partziala onartu zen, auzotar elkarte ugariren artean haserrea sortzen ari den arren. Izan ere, industrialdearen lurzoru-beharrei erantzuteko moduko lursailak badaude Elorrion, baina, hala eta guztiz ere, nekazaritza-balio handiko lurzorua galduko da.

Podemoseko bozeramaileak gardentasun falta eta herritarren parte-hartze eskubidea oztopatzeko asmoa salatu du. “Dirudienez, nahita egiten dute, alegazio-epea oporraldiarekin bat etorraraziz, gaia ahalik eta isilenean igaro dadin eta herritarren artean ahalik eta zalapartarik txikiena sortu dezan.

Denbora gehiago behar da espedientea ongi aztertzeko eta benetako parte-hartze eraginkorra bermatzeko”, adierazi du. “Orain, egoera honetara iritsita, ezinbestekoa da herritarrek egoera ezagutzea, proiektua baloratu eta beren alegazioak ahalik eta azkarren aurkeztu ditzaten. Hasierako onespena atzeratzeko eskatu genuenetik esan dugun moduan, ez da unerik egokiena herritarren parte-hartzea sustatzeko. Alegazioak aurkezteko 45 egun daude soilik”, azaldu du bozeramaileak.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top