DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

‘Mendia zirkuluetan’ izeneko erakusketa Garain ikusgai izango da

Elizabarrin bisitatu ahal izango da larunbat, igande eta jaiegunetan azaroaren 9ra arte

Elizabarrin bisitatu ahal izango da

GARAI | «Biribilak mendietan. Seles, kortak, saroiak. El monte en circulos» deritzon erakusketa mendiko lursail horien berezitasunak jorratzen dituen ikerketa baten emaitza da. Gurean, Euskal Herrian, egitura biribilak dira saroiak, erdigunean tamaina handiko harri bat ezarrita daukatenak.

Erakusketak saroien jatorria, egitura, neurtzeko eta mugatzeko erak, tipologia eta erabilerak, kokalkeuak eta garapen historikoa aztertzen ditu.

Horma-irudietan, dokumentazio historikoan, jatorrizko piezetan, aireko argazkietan, kartografian eta ikus-entzunezkoetan funtsatzen den oinarrizko narrazio argigarri bat aerabiliz, kultura-ondare bitxi horren berezitasunez jakin ahalko dugu.

Korten edo saroien aipurik jasotzen duten  XVII. eta XVIII. mendeetako jatorrizko krokisak daude ikusgai, Iurretako Udal Artxibo Historikotik edo dohaintza pribatuetatik hartutakoak. Berrizko Juan Ramon Iturritza edo Pedro Bernardo Villarrealen testu zaharrak ere ikusgai daude, bai eta Bizkaiko Foru Zaharreko alerik zaharrena ere. Bestalde, Valladolideko Errege Kantzelaritzaren Agiritegiko dokumentu eta krokis zaharren kopiak ere ikus daitezke.

Erakusketan, era berean, Gipuzkoako Kultura Ondare Higigarriaren Zentrotik (Gordailu) eta Zaldibiako udalerritik ekarritako kortarriak edo austarriak (hau da, erdialdeko mugarriak) egongo dira ikusgai, harriok dituzten idazkunak eta guzti.

Erakusketaren osagarri, erakusketan ikusgai dauden pieza guztiak dakartzan katalogoa prestatu eta diseinatu da. Katalogo horretan, paneletan azaltzen den informazioa zabaldu eta areago zehazten da, interesa duen pertsona orok erakusketan jorratzen diren alderdien ikuspegi xeheagoa izan dezan. Katalogoa erakusketa-gunean bertan egongo da salgai.

Erakusketak gertakari orokor baten ikuspegia ematen digu; izan ere, korta edo saroien erabilera ez zen bitxikeriazko kontu bat izan gure lurraldearen katastro-antolamenduan, ezpada, ia-ia mendiko eremu erabilgarri osoa hartzen zuen jardunbide guztiz hedatua, nahiz eta, gaur egun, iraganean izan zenaren % 20 baino ikusterik ez dugun.

Azken batean, gure arbasoek lurraldea antolatzeko eta erabiltzeko ohituren jarauntsia ditugu espazioaren ikuspegi zirkularra irudikatzen duten saroiak. Mendia lursail biribiletan antolatzeko modu sistematizatua da eta gure mendiko paisaia kulturalaren oinarrizko geruza osatzen dute.

Honako erakusketa hau ibiltaria da, hainbat udalerriren eta BizkaiKOAren arteko lankidetzari esker.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top