Ostegunean Kaos Etiliko, Skabidean eta Malakias MX3 taldeen kontzertuak izango dira; hurrengo egunean Ruper Ordorikak eskainiko du zuzenekoa

MAÑARIA | Mañarian Andra Mari jaiak ospatuko dituzte abuztuaren 14tik 16ra. Urtero legez, jai batzordeak gustu guztiak asetzeko moduko egitaraua antolatu du. Jaiak abuztuaren 14an hasiko dira. Pitxitxiri harrera egin ostean, Kirikiño abesbatzako kideek txupinazoa botako dute. Aurten 40 urte bete dira abesbatza sortu zenetik eta ibilbide luze eta oparoa aintzatesteko modua da.
Musika eskaintzari dagokionez, abuztuaren 14an Kaos Etiliko Skabidean eta Malakias MX3 taldeen kontzertuak izango dira. Egun horretan doako autobusa ibiliko da Mañaritik Durangora, 04:00-06:00
bitartean. Hurrengo egunean, berriz, Ruper Ordorikak eskainiko du zuzenekoa. 40 urte baino gehiagoko ibilbidea errepasatuko du musikari oñatiarrak, Azkenik, jaietako azken egunean, Altxa Porru taldearen erromeriak girotuko du gaua.
Bestelako hainbat ekimen daude jaietan. Esaterako, Aingeru Bernaola mañariarrak binakako partidu bat jokatuko du bere sorterrian, Julen Axpek umorezko bakarrizketa saioa eskainiko du eta umeentzako hainbat ekimen egongo dira. Abuztuaren 16a Mozorro Eguna da eta ‘Festak: festarik festa’ da mozorrotzeko gaia. Abuztuaren 14ko herri bazkarirako txartelak Herriko Tabernan eskuratu daitezke 15 eurotan.
Abuztuaren 10a da txartelak lortzeko azken eguna