DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Familiei indarkeria bikarioa prebenitzeko prestakuntza eta sentsibilizazioa eskatu du Andereak

Arratsaldeko 18:30etan Andra Marin egingo du hileroko kontzentraziorakoa elkarte durangarrak

Hileroko konzentrazioa ostegun honetan izango da

DURANGO | Apirilean, Nadia bost urteko neskato baten lehen hilketa gertatu zen Estatuan, amaren bikotekidearen eskutik. Hilketa matxista Llano de Brujasen (Murtzian) gertatu zen. Durangoko Andereak indarkeria matxistaren aurkako elkarteak biziki deitoratzen du indarkeria bikarioaren kasu berri hau, muturreko indarkeria patriarkala, non haurrak ama kaltetzeko erabiltzen diren. Tragedia horren aurrean, familia zabala haurren zaintzan inplikatzeko prestakuntza- eta sentsibilizazio-neurriak eskatzen ditu.

Datorren ostegunean, hilak 24, arratsaldeko 18:30etan Andra Marin egingo du hileroko kontzentraziorakoa elkarte durangarrak.

“Familia zabalak -dio elkarteak- lehen babes-maila izan beharko luke haurrentzat, baina egon daitezkeen arriskuak hautemateko ezinbestekoa da prestakuntza espezifikoa jasotzea: indarkeria mota hori zer den jakitea, alerta-seinaleak ezagutzen ikastea eta haurrak eta haien amak arriskuan jarri gabe jarduten jakitea”.

Durangoko elkartearen ustez, erakundeek prestakuntza mota hori sustatu beharko lukete, eta horrek sexu-abusuen kasuak prebenitzen ere lagunduko luke, gehienak familiaren barruan eta haurren konfiantzazko ingurunean gertatzen baitira.
Gainera, Andereak elkarteak azpimarratu du gizarte osoak parte hartu beharko lukeela haurren babesean. “Ikastetxe, klub eta elkarteetatik familia laguntzako sare antolatuak sustatu beharko lirateke. Adibidez, haurrak zaintzeko prest dauden pertsonak izendatzea, eta hurbilen duten familiak beren bizitzetan presentzia aktiboa izan dezan sustatzea”.

Erakundeei dagokienez, Andereak elkarteak azpimarratu du beharrezkoa dela “familien eta indarkeria-arriskuan dauden emakumeak eta adingabeak babesteko zerbitzuen arteko zuzeneko komunikazio-ildoak bultzatzea”.

Bestalde, elkarte durangarrak hiru emakumeren hilketa deitoratzen du: 76 urteko Josefa, O Bolon (Ourense) bere senarrak eraila; 48 urteko Diana Carolina, Kanaria Handiko Las Palmasen; eta 45 urteko Marta, Calafellen (Tarragona). Azken hau bederatzigarren biktima ofiziala da Estatuan aurten. Noiz arte egongo gara axolagabe sarraski honen aurrean? galdetu du Durangoko elkarteak.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top