EHEk pizkunde berri baten beharra nabarmendu du, euskararen normalizazioa larrialdi egoeran dagoela ohartarazita

DURANGO | Euskal Herrian Euskaraz-ek (EHE) deialdi publiko egin du abenduaren 6rako, Durangon egingo den mobilizazio nazionalean parte hartzeko. Manifestazioa 13:00etan abiatuko da Landako gunetik, “Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika” lelopean. Deitzaileek euskaltzale guztiak gonbidatu dituzte egun horretan Durangoko kaleak betetzera, euskararen aldeko indar erakustaldi bat gauzatzeko.
EHEren iritziz, egungo testuingurua “larrialdikoa” da hizkuntza normalizazioari dagokionez, eta azken urteetan euskal komunitatearen hizkuntza-nahiz nazio-kontzientziak atzera egin duela adierazi dute. Horregatik, mobilizazio hau “pizkunde berri baten abiapuntu” izan dadila aldarrikatu dute.
Antolakundearen esanetan, euskaldunek “zapalkuntza egituratuei aurre egiteko tresna eraginkorrena” independentzia eta Euskararen Errepublika dira, eta estatu propiorik ezean, euskararen biziberritzea “mugatua eta ahultzen ari den zerbait” dela salatu dute.
Antolakundeak nabarmendu du esnatzeko eta pizkundea hauspotzeko unea dela. Horren harira, abenduaren 6an Durangon egingo den mobilizaziora deitu dituzte euskaltzaleak, euskararen alde eta Euskararen Errepublikaren eraikuntza bultzatzeko.


