DOT Durangaldea

Amorebieta-Etxanok adin guztietarako jarduerak antolatu ditu M8rako, berdintasuna sustatuz

Martxoaren 27 bitarte, egitarauak kultur zein aisialdi jarduerak edota ekitaldi instituzionalak uztartzen ditu, adin guztietako herritarrei zuzenduta

Martxoaren 8an izango dira egitarauko ekitaldi nagusiak

AMOREBIETA-ETXANO | Martxoaren 8an, igandea,  Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatuko da, eta horren harira, Amorebieta-Etxanoko Udalak askotariko jarduerez osatutako egitaraua antolatu du, genero-berdintasunaren aldeko aldarrikapena gizarteratu eta udalerriak emakumeen eskubideekiko duen konpromisoa sendotzeko. Hala, egitarauak erakusketak, hitzaldiak, topaketak eta aisialdi zein kultura-jarduerak jasotzen ditu, besteak beste, berdintasunean oinarritutako gizarte bidezkoago bat eraikitzeko bidean, herritarren parte-hartze aktiboa eta hausnarketa sustatzeko.

Martxoaren 8aren harira antolatutako egitarauaren nondik norakoak gaur goizean aurkeztu dituzte Ainhoa Salterain Amorebieta-Etxanoko alkateak, Jon Artabe Berdintasun zinegotziak eta Alicia Hernandez PSE-EEko zinegotziak. Aurkezpenean nabarmendu dutenez, aurtengo programazioak kultura, hausnarketa eta parte-hartzea uztartzen ditu, eta adin guztietako herritarrei zuzendutako proposamenen bidez berdintasunaren aldeko mezua indartzea du helburu.

Testuinguru horretan, Ainhoa Salterain alkateak adierazi du: “Martxoaren 8a oso hitzordu garrantzitsua da gure udalerriarentzat. Ez da data sinboliko hutsa, baizik eta emakumeen eskubideen eta berdintasunaren aldeko aldarrikapena ozen egiteko eguna. Urte osoan zehar landu eta zaindu behar dugun balioa da berdintasuna, eta egun honek aukera ematen digu hausnartu, ikasi eta aurrera egiteko konpromisoa berritzeko. Horregatik, herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu parte hartzera eta elkarrekin urratsak ematen jarraitzera”.

Asteazken honetan ekin zaio egitarauari udal liburutegian izan den “Emakume paregabeak” ipuin-kontaketarekin. Bestalde, otsailaren 26an, 18:30ean, Isabel Mellének “Mujeres en la Edad Media” hitzaldia eskainiko du Zelaieta Auditoriumean. Hitzaldiak historian zehar emakumeek izan duten papera aztertzea eta askotan ezkutuan geratu diren ekarpenak agerian jartzea du xede.

Martxoaren 2an, astelehena, 18:30ean, Giza Liburutegien saioa egingo da udal liburutegian, emakume migratuen eskutik. Ekimen honek bizipen pertsonalak entzuteko eta aurreiritziak apurtzeko espazio zuzena eskaintzen du, elkarrizketaren eta entzute aktiboaren bidez.

Era berean, martxoaren 3an, 18:30ean, Natalia de Santiagok “Invierte en ti” hitzaldia emango du Zelaietan, finantza-hezkuntzaren eta ahalduntze pertsonalaren inguruko gogoeta partekatzeko. Egun horretatik aurrera, eta martxoaren 27ra arte, Skolastikak antolatutako “Emakume irakurleak” erakusketa izango da ikusgai Zelaietako erakusketa gelan. Erakusketak emakumeek historian zehar irakurle gisa izan duten presentzia eta irudikapena aztertzen ditu, begirada kultural eta sozial batetik.

Martxoaren 5ean, 18:30ean, “Irabazi arte” telesaileko aktoreekin solasaldia egingo da Zelaietan. Saioak ikus-entzunezkoen arloan emakume erreferenteek duten garrantzia eta gazteengan duten eragina aztertzea izango du ardatz. Horrez gain, martxoaren 6an, 17:00etatik 20:00etara, eskulan bereziak antolatuko dira Ludotekan, sormenaren bidez berdintasun mezua lantzeko. Egun berean, 18:30ean, “Karmele Jaio: Emakumeak eta literatura” hitzaldia egingo da Zelaietan, emakume idazleen ibilbidea eta literatur ekarpena hizpide hartuta. Jardunaldia amaitzeko, 20:00etan, Zornotza Aretoan “Nancy Grace Roman” antzezlana taularatuko da, zientziaren arloan emakumeek egindako ekarpena balioan jartzeko.

Azkenik, martxoaren 7an, 15:00etatik 19:00etara, Zelaieta parkean egingo da Amorebieta-Etxano Greenpower herri zirkuitoa. Arratsalde-gauean, 20:00etatik 22:30era, Zelaietan izango da “Gau Morea” ekimena; berdintasun ihes gela eta sormen tailerrak uztartuko dira, parte-hartzea eta hausnarketa giro dinamikoan sustatzeko.

Ekitaldi nagusiak

Martxoaren 8an izango dira egitarauko ekitaldi nagusiak. Goizeko 10:00etatik 15:00etara, XXVIII. Emakume Artisau eta Nekazarien Azoka egingo da Zubiondo parkean, emakumeek artisautzan eta lehen sektorean egiten duten lana eta ekarpena balioan jartzeko. Azokak urtez urte tokiko ekoizpena, jakintza eta tradizioa ikusarazteko aukera eskaintzen du, emakumeen presentzia eta lidergoa nabarmenduz.

Eguerdian, 12:00etan, elkarretaratzea eta adierazpen instituzionalaren irakurketa egingo dira Herriko Plazan. Une honek berdintasunaren aldeko mezua erdigunera ekartzea eta herri gisa konpromisoa berritzea du helburu, Emakumeen Nazioarteko Egunaren testuinguruan.

Ondoren, 13:00etan, Zubiondo parkean bertan banatuko da 2026ko Marixelarre saria. Berdintasunaren aldeko ibilbide eta ekimenak aitortzen dituen sari honek aurten STEAM esparruan ikerketan diharduten herriko emakumeak omenduko ditu. Baita ere, ikerlari horiek sustatzeko STEAM gaiak ematen dituzten herriko  andereño eta irakasleak; eta esparru honetan ikasketak eta lan egiten duten emakume zornotzarrak., Horrela, Zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematikaren arloan lanean ari diren herriko emakume guztiek egiten duten ekarpena balioan jartzea du helburu aitortza honek, oraindik ere maskulinizatuta dauden eremuetan emakumeen presentzia eta lana ikusaraziz.

Gainera, saridunen perfilak dituzten herriko emakumeek oraindik denbora dute beraien izena HAZean emateko, martxoaren 8ko ekimenetan parte hartzeko aukera izan dezaten. Horrez gain, edozein momentutan izango dute aukera Rosalinda Incardonak sortutako saridunentzako lamina bereziak jasotzeko, HAZera hurbilduz.

Arratsaldean, 17:00etatik 20:00etara, Gaztetxokoan “Begirada Morea” photocalla eta Emakumeen Memory jolasa izango dira, gazteei zuzendutako proposamen ludiko eta hezitzaile gisa, martxoaren 8aren mezua modu dinamikoan zabaltzeko.

Bestalde, martxoan zehar, udal liburutegian Berbalapiko: liburu feministak / libros feministas ekimena egongo da. Bertan, berdintasunarekin eta Martxoaren 8arekin lotutako liburu feministak aurkitu ahal izango dira, adin eta publiko guztiei zuzenduta. Era berean, irakurmena sustatzeko herrian zehar dauden armairu orietan, martxoan zehar euskaraz eta gaztelaniaz dauden liburu feministak banatuko dira, feminismoaren inguruko hausnarketa herritarrengana hurbiltzeko.

Horrez gain, Amorebieta-Etxanoko Udalak elkarte feministek deituko dituzten manifestazio eta ekintza guztiak babesten ditu eta hauetara joateko gonbita egiten die herritarrei.  Egitarau honen bitartez, Amorebieta-Etxanoko Udalak berdintasunarekin duen konpromisoa berresten du eta herritar guztiak antolatutako jardueretan parte hartzera animatzen ditu.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top